Bihar ikasle greba eginen da LOMCE-ren aurka eta Hezkuntza Sistema Nazional baten alde

"Hezkuntza sistema honen kontra eta herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza baten alde" kalera irtetzeko deia zabaldu IA-k. Mobilizazioak gaur hasiko dira hainbat ikasgunetan eginen diren itxialdi eta jarduerekin. Mobilizazio haundiena Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da eguerdiko 12etan.

2017-ko martxoak 22

Azken urteotan “kapitalismoak gogor kolpatu du bai gizartea eta baita hezkuntza ere”, salatu du Ikasle Abertzaleak, eta ofentsiba horren aurrean beharrezkotzat jotzen dute “ikasleok antolatu eta kalera ateratzea bestelako hezkuntza eredu baten alde”.

Ikasle sindikatu honen arabera Unibertsitateak funtzio bikoitza betetzen du sistema kapitalistaren baitan. “Batetik, langile kualifikatuen formazioaz arduratzen da, zeinek beren lanpostua modu baten edo bestean beteko duten merkatuaren interesen arabera. Eta bestetik, ezagutzaren ekoizpena, zeina gutxiengo baten interes politiko eta ekonomikoak asetzera bideratzen den”.

Azken urteotan inposatu diren erreformak ez dira “ikasleon interesen arabera burutzen” ezta “ikasleon hitza ere kontuan hartzen”.

“Ikasleon interesak ez dira kontuan hartzen sistema honetan. Gure nahi eta beharren alde guk eman behar dugu lehen pausua, antolatuz eta kalean borrokatuz. Hala ere, hezkuntza sistemaren zutabeetako bat dela ulertu beharra dugu. Izan ere, unibertsitateetan heziko dira hurrena lanpostuak bete eta gizartearen engranaje izango direnak. Hezkuntzako problematika orok, beraz, eragina du gizartean. Horregatik, deia luzatzen diogu herri mugimendu eta langileria osoari martxoaren 23an ikasleokin batera kalera ateratzera herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza baten alde”.

Gehiago