Bertan behera utzi dute Iruñeko haur eskolen euskarazko eskaintza zabaltzeko debekua
Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak bidea eman dio Udalak eskaintza handitzeko hartutako erabakiari. Erabakia behin betikoa da eta ezin zaio helegiterik jarri.
2016-ko ekainak 15
Iruñeko haur eskolen euskarazko eskaintza zabaldu ahal izango du Udalak, lehendik erabakita zuen moduan. Epaile batek bertan behera utzi zuen erabaki hori, gaztelerazko lerroan matrikulatu nahi zituzten haurren kalterako zelakoan. Orain, ordea, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak ebatzi du, Udalaren erabakiak horiei eragiten dien kaltea baino handiagoa dela beste haurren interes orokorrerako epailearen debekuak eragiten diena.
Justizia Auzitegi Gorenaren erabakia behin behinekoa da. Gaineratu du epaileak hartu zuen erabakiak Iruñean osoan izen-emate eta matrikulazio prozesu guztia errepikatuarazi egingo lukeela, eta prozesu hori amaituta dagoela.
Otsailan erabaki zuten Iruñeko haur eskolen euskarazko eskaintza zabaltzea. Ordura arte hamazazpi haur eskoletatik bik soilik eskaintzen zuten euskarazko lerroa. Iruñeko Udalak, berriz, bitik laura zabaldu zuen, Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolak euskarako lerrora pasaz. Bitik lau haur eskoletara pasa arren, euskarazko matrikulazioak eskaintza hori ere gainditu zuen eta itxaron zerrendak osatu ziren.
Aldaketa hori eginda ere, haur eskola aldatu nahi zuten iruindarren %96,6 eskatutako lehen eskolara joatekoa zen (soilik bost izan ziren bigarren aukeran jarritako eskolara joan behar zutenak). Donibane eta Printzearen Harresi eskoletako ikasleen %61,5ek datorren ikasturtean zentro horietan jarraitzea erabaki zuten, hizkuntza eredua aldatu arren
Haurrak gazteleraz matrikulatu nahi dituzten zenbait gurasoek, ordea, helegite bat aurkeztu zuten erabaki horren kontra, eta epaileak arrazoia eman eta bertan behera utzi zuen Udalaren erabakia. Argudiatu zuen jada haur eskoletan hasiak diren haurrengan kalte bat eragiten zela. Epailearen debekuak hainbata protesta eragin zituen.