Berriozarko gazte bat hil da Lakuntzako Sakana kooperatiban lan istripu batean

Ezbeharra gaur arratsaldean izan da, garabi batekin pieza astunak zeramatzala, horietako batean harrapatuta geratu da. Atzo enpresa berean antzeko istripu bat izan zen, eta langilea zauritu zen. LAB sindikatuak gogoratu duenez, enpresa honek Lakuntzan eta Arbizun dituen lantegietan 2015etik lan istripuan hiltzen den laugarren langilea da gaurkoa.

2022-ko martxoak 18

Lakuntzako Sakana kooperatiban lan istripu larria izan da gaur, ostirala, 15:15ean, eta 39 urteko gizonezko bat hil da. Diario de Noticias-ek aurreratu duenez, Berriozarkoa zen. Garabi batekin pieza astunak mugitzen ari zen, eta horietako batean harrapatuta gelditu da. Altsasuko suhiltzaileak atera dute eta bere onera ekartzen saiatu dira, baina langilea hil egin da. Iruñeko suhiltzaileak, bi anbulantzia eta helikopteroa bertaratu dira ere. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Atzo enpresa berean 47 urteko langile bat zauritu zen makina batek bularrean ia harrapatu zuenean. LABek gogoratu du Sakana kooperatibaren Lakuntzako eta Arbizuko lantegietan 2015etik lan istripuan hiltzen den laugarren langilea dela.

Gehiago