BDZ taldeak CAF enpresaren aurkako kanpainarekin duen konpromisoa berretsi du eta ekainaren 14an mobilizatzeko deia luzatu du
Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak taldea (BDZ) Euskal Herriko CAF enpresaren aurkako kanpainarekin duen konpromisooa berretsi du. Kanpaina honek bost urte daramatza CAF salatzen, Jerusalemgo tranbiaren proiektuan parte hartzeagatik; izan ere, tranbia honek Jerusalem hiria eta Israelek Palestinako lurralde okupatuetan dituen kolonia ilegalak lotzen ditu. Horregatik, ekainaren 14an Donostian egingo den manifestazio nazionalera batzeko deia luzatu dute.
2025-ko otsailak 25

Duela bost urte, 70 elkartek, sindikatuk eta alderdi politikok bat egin zuten Euskal Herriko CAF enpresaren aurkako kanpainarekin: CAF-i eskatzen zitzaion bertan behera uzteko Jerusalemgo tranbia handitzeko eta mantentzeko kontratua. Urte hauetan zehar, kanpainaren babesa biderkatu egin dela azaldu dute, eta gaur arte 130 atxikimendu baino gehiago jaso dituela. “Kopuru hori etengabe hazten doa, eta horrek argi erakusten du CAF-en inplikazioak gero eta gaitzespen handiagoa eragiten duela Euskal Herrian; izan ere, CAF parte den proiektu hori areagotzen ari da Israelen kolonizazio politika Palestinako lurralde okupatuetan”. BDZ taldeak adierazi du atxikimendu kanpaina oraindik irekita dagoela, bat egin nahi duten erakunde eta elkarteentzat.
BDZ taldeak bost urte hauetan zehar Jerusalemgo tranbiaren proiektua, hainbat arrazoirengatik, legez kanpokoa dela salatu dute: “Lehenik eta behin, CAF-en bazkide israeldarra den Saphir enpresa, NBEk osatu zuen datu base batean dago, zeinak biltzen baititu 110 enpresa eta gehiago, negozioak egiten dabiltzanak Israelek legez kanpo okupatzen dituen palestinar lurraldeetan, beti ere palestinarren kaltetan. Bigarrenik, tranbiak Palestina kolonizatzen laguntzen du, lurralde okupatuetan israeldar kolonoen garraio beharrak errazten baititu. Azkenik, azpiegitura honen eraikuntzak palestinarren lurrak desjabetzea dakar Ekialdeko Jerusalemen”. Salaketa eta mobilizazio ugari egin arren, CAF-ek proiektuan parte hartzen darraiela salatu du taldeak, eta jarrera horrek nazioarteko presioa areagotu duela adierazi du. Izan ere, Norvegian, Frantzian, Erresuma Batuan, Mexikon eta Kolonbian, besteak beste, agintariek CAF ez dela tren eta tranbien kudeaketarako aukera egokia ulertu dutela diote, Israelen okupazio politikan parte hartzen ari delako. Eta gainera, herritarren boikot aldarria eraginkorra dela erakutsi dela adierazi dute; eta adibide bezala erakutsi dute Veolia multinazionalak, 2015ean Israelgo inbertsio guztiak saldu behar izan zituela BDZ kanpainaren ondorioz izandako galera ekonomikoengatik.
Euskal Herriko BDZ mugimenduak kanpaina honetan Euskal erakundeek duten papera azpimarratu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzari kritika egin diote, CAF-ekin duen harremana naturaltasun osoz mantendu eta ixilik egoteagatik. BDZ mugimendutik Eusko Jaurlaritzari egindako eskaera berretsi dute: CAF-i ematen dion babesa eten dezala, enpresak nazioarteko zuzenbidea errespetatu arte.
Gainera, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren 2024ko epaia azpimarratu du ere: Israelek legez kanpo okupatzen dituela palestinar lurraldeak. Eta, ondorioz, inork ez duela eskubiderik, ez estatuek ez eta erakunde publikoek, ez erakunde pribatuek, palestinar lurralde okupatuetan Israelgo Estatuaren eta enpresen mesederako izango diren harreman ekonomiko eta komertzialetan aritzeko.
Testuinguru horretan, BDZ mugimenduak berretsi du CAF enpresa, Israelek Palestinan egiten dituen krimenen konplizea dela. “CAF-ek ezin du parte hartzen jarraitu nazioarteko zuzenbidea urratzen duten eta Palestinako okupazio ilegala indartzen duten proiektuetan. Hori dela eta, kanpainari atxikitako kolektibo, sindikatu eta alderdi politikoek CAF-i eskatzen diogu bete dezala nazioarteko zuzenbidea eta Jerusalemgo tranbiaren poiektutik berehala erretira dadila” gehituz.
Kanpaina nazioarteko borroka bihurtu dela adierazi dute BDZ-tik, eta horrenbestez, CAF-i presioa egiten jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dute, hainbat herrialde eta mailatan. Eta, eskerrak eman diete mobilizazioetan parte hartu duten herritarrei eta ekintzetan inplikatu diren kolektiboei. “Nahiz eta CAF-ek oraindik ez duen amore eman, presioa gero eta handiagoa izango da, CAFek Israelen apartheidarekin dituen harremanak eten arte”.
BDZ mugimenduak borrokan jarraituko dutela berretsi du, justizia eta giza eskubideak errespetatu arte, eta Palestinaren okupazioa amaitu arte. Horregatik, 2025eko ekainaren 14an Donostian egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deialdia egin dute, CAF-i eskatzeko utz dezala Jerusalemgo tranbiaren proiektua. “Manifestazio honetan milaka herritar elkartu nahi ditugu, palestinar herriaren eskubideen alde eta nazioarteko zuzenbidea bete dadila aldarrikatzeko. Kanpaina zabaltzean doa, halaber CAFen gaineko presioa; lortu behar dugu CAFek bertan behera uztea Israelen apartheid politikarekin duen lankidetza” adierazi du taldeak.