Baztango Udalak Mikel Zabalzari buruzko Galdutako Objektuak dokumentala diruz lagunduko du

EH Bilduk eta Ezkerrak 750 euroko laguntza ematearen alde bozkatu zuten, Geroa Bai, Auzolanean eta UPNk kontra eta alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen.

2017-ko urtarrilak 9

Abenduaren 23an egin zen osoko bilkuran Mikel Zabalza orbaiztarraren desagerpen eta hilketa oroitzen duen Galdutako Objektuak dokumentala diruz laguntzeko erabakia hartu zen. Orain hogeita hamaika urte Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu eta hogei egunez desagertuta egon ondotik Bidasoa ugaldean hilotz agertu zen. Lehendabiziko momentutik Intxaurrondoko kuartelean torturapean hil zutela salatu zen.

Ordukoak oroitzeko Ahotsa.info Galdutako Objektuak izeneko dokumentala egiten ari da eta, horretarako, Nafarroako hainbat udaleei diru-laguntzak eskatu zaie. Hala, Baztango Udalak EH Bildu eta Ezkerraren aldeko 6 bozkekin, eta Geroa Bai, Auzolanean eta UPNren aurkako 6ekin, alkatearen kalitatezko botoa baliatuz dokumentala egin ahal izateko 750 euroko dirulaguntza ematea onartu zuen.

Bertzalde, dokumentalaren izenburuari buruz, aipagarria da Galdutako Objektuak nondik heldu den: Mikel Zabaltzaren ama semearen desagerpenari buruz Intxaurrondoko kuartelerat galdezka joan zelarik, han zen Guardia Zibilak, semea desagerturik bazuen objetu galduen bulegorat joateko erantzun zion.

Gehiago