Baztanen egin nahi duten harrobiaren aurkako ahotsa Parlamenturaino eraman dute
Baztango harrobiaren proiektuak arriskuan jarri ditu Erdizko larreak, eta proiektu estraktibista horren aurkako protestak gero eta ozenagoak dira. Gaur, Nafarroako Parlamenturaino iritsi da aldarrikapena Erdiz Bizirik ekimeneko kideen eskutik. PSNk harrobia defendatzeko mozio bat aurkeztu du, eta eztabaidatzen ari zenean ohiuka hasi dira aktibistak eta plenoa bertan behera utzi dute. Urriaren 12an manifestazioa egingo dute Elizondon Magna enpresaren egitasmoaren kontra.
2022-ko urriak 6
Bestetik, Elizondon egindako agerraldi batean, Baztango eragile, elkarte eta banakakoak, lurraren defentsan borrokatzeko prest daudela iragarri dute. “Arras barneratua dugu lurrarekin lotuak gaudela: lurretik jaten dugu, edaten dugu, lurrak bazkatzen ditu gure inguruko animaliak, lurrak marrazten ditu gure paisaiak. Lur honetan idatzia dago gure historia, eta inork ez dezala zalantzarik izan, lur honetan idatziko ditugula gure oraina eta geroa ere bai”.
Erdiz bailarako bizimodu, kultura eta ekonomiaren ezinbertzeko euskarria dela azpimarratu dute elkarte guzti hauek, eta Magnesitas de Navarrak Erdizen eraiki nahi duen meategiak “herri bezala bizirauteko behar ditugun baliabideak suntsituko lituzke, baztandar eta nafar guzien kalterako”, eta hori onartzeko prest ez daudela ohartarazi dute.
Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute Baztango bizilagunek. “Multinazionalen mesedetara dauden Gobernuek, proiektu hau Foru Intereseko izendatu eta UGEPa bezala tramitatzeko bidea ireki dute, tokiko instituzioen gainetik pasatu nahian, Baztango Batzar Nagusiak antolatu duen herri galdeketa debekatu dute eta herritarrak ordezkatzeko zilegitasuna aspaldi galdu duen Nafarroako parlamentuak inposizio hau berretsi du”.
Datorren astean egingo den manifestazioren inguruan, azaldu dute data aukeraketa ez dela kasualitate bat izan. “Urriaren 12an, Espainiako erreinuak bere izaera kolonial eta genozida ospatzen du. 500 urte ondoren bertze hainbat herriekin egiten duten bezala, inposizioaren bitartez gure bizimodua, kultura eta lurrak ere suntsitzen segitu nahi dute. Horren aitzinean, urriaren 12an baztandarrak karrikara aterako gara eta azkeneko 500 urtetan egin dugun bezala, gure lurra, kultura eta bizimodua defendituko ditugu. Gure historia berridatzi nahi duten horiei oroitaraziko diegu Espainiako erreinua existitu baino lehen Erdizen ardiak, behorrak eta Baztango nekazariak zeudela, eta egonen direla Espainiako erreinua desagertu ondotik ere bai”.
Manifestazioa arratsaldeko 17etan Elizondoko Plazatik abiatuko da. Hau da deitzaileen zerrenda:
Baztandarren Biltzarra
(h)ilbeltza
Milotxuri
Jo ala jo elkartea
BRT
Zapatillera
Talde Feminista
Baztango gazte asanblada
GKS
Baztango zaporeak
Bildu
Sortu
Ernai
Iñarrosi
Plazara dantzara
LAB
Talde ekosoziala
Ehne
Arrantza eta ehiza elkartea
Berroetako herria
Zigako herria
Oronozko herria
Iruritako herria
Arraiozko herria
Lekarozko herria
Elizondoko herria
Gartzaingo herria
Arizkungo herria
Erratzuko herria
Amaiurko herria
Azpilkuerako herria