“Bada garaia, presoak kalera” lemapean manifestazio nazionala izanen da Bilbon larunbata honetan
Kalera kalera dinamikak deituta, presoen aferari konponbidea emateko "Bada garaia. Presoak kalera" goiburupean apirilaren 21ean Bilbon manifestazio nazionala eginen da.
2018-ko apirilak 18
Preso politikoen nazioarteko egunaren markoan, larunbata honetan elkartasuna eta konponbidearen aldeko aldarrikapenek bat eginen dute Bilboko kaleetan. Kalera Kalera dinamika osatzen duten preso ohiek eta Ezker Aabertzale osoak euskal preso, errefuxiatu eta deportatuen izaera politikoa azpimarratu nahi dute berriz ere. “Politikoa da beraien borroka, herri honetan, Euskal Herrian, konpondu gabeko gatazka politiko bat egon delako eta oraindik dagoelako, eta gatazka horretan modu ezberdinetan parte hartu dute presoek. Errealitatea, kontzeptuak eta beren esanahiak maneiatu eta itxuraldatu nahi diren garai honetan haien izaera politiko hori aldarrikatzeko Bilboko kaleak berriro betetzera dei egiten dugu”.
Pasa den larunbatean Donostiako San Telmo plazan 300 preso ohiek komunikatu baten bidez baloratu zituzten azken garaietan “gatazkaren ondorioen konponketa integralerako marko bat eraikitzeko eman diren pausuak”, baina baita ere gogora ekarri nahi izan zituzten “gertaera mingarriak”, horien artean daude hiru euskal preso politikoren heriotzak: Kepa del Hoyo, Belen Gonzalez eta Xabier Reyrena.
“Estatuak, bere gobernua buru duela, edozein aurrerapen oztopatzeko ezartzen duen blokeoaren eta zailtasunen gainetik, erresoluzio markoa eraikitzen ari da poliki poliki. Zentzu horretan urratsak ematen ari dira bai Hego Euskal Herrian eta bai Ipar Euskal Herrian. Estatu frantsesean elkarrizketa bide bat ireki da Ipar Euskal Herriko delegazio anitz baten eta frantziar Justizia Ministerioaren artean; orain artean izandako immobilismoa haustea lortu du horrek, Euskal Herritik hurbilago diren espetxeetara aldaketak eginez”, nabarmendu zuten.
Hego Euskal Herrian aurrerapenak “mantsoagoak baina sendoak” direla aipatu zuten. “Badago adostasun bat eragile politiko, sozial eta instituzionalen artean gai urgenteenen
inguruan, hau da, egungo espetxe politikaren amaiera, sakabanaketaren amaiera, preso gaixoen askatasuna”, esan zuten, eta bide horretan eragile sozial eta politiko guztien ekarpen positiboak beharrezkoak direla azpimarratu zuten.
“Euskal gizartearen gehiengoak, eragile politiko eta sozialek, euskal instituzioek, EA-ak eta EPPK-k kontsentsu bat ezarri dute prozedura auziaren inguruan: legedia arrunta. Prozesu horretan gainditu beharreko aurreneko traba da lehen gradu penitentziarioa. Estatua, bere gobernua buru duela, eskubide horretara bidea trabatzen saiatuko da. Traba horiek, ukapen horiek, herri gisa batuko gaituen arma politiko bilakatu behar ditugu, bakea, askatasuna eta elkarbizitza lortzeko”, adierazi zuten.
Lehen graduari helegitea ezartzeak funtsezko garrantzia izango du aurrerantzean erresoluzio markoan, preso ohien esanetan. “Lehen gradua gainditzea leimotiv politiko bilakatu dezagun, bada, ez delako eskaera administratibo soila, eskaera politikoa da batez ere”.
Larunbatean arratsaldeko 17:30etan Bilboko Casillatik abiatuko da Kalera Kalerak deitutako manifestaldia. Atzo, Galdakaoko pilotalekuan, ekitaldi bat egin zuten Nazioarteko preso politikoen eguna zela eta.