Azokak irekitzea eskatu du EHNE-k, eta elikadura burujabetza aldarrikatu du
EHNE nekakari sindikatuak ez du ulertzen osasun krisia dela eta merkatuak egiteko aukera eta baratzetako lanak oraindik ere baztertuta egotea. Bi jarduera hauek ez lukete kutsatze gune izan behar neurriak hartuz gero, dio sindikatuak, "ez behintzat hainbat supermekatutan ikusi dugun jende metaketa bezain arriskutsuak".
2020-ko apirilak 21
Supermerkatuetan ia normaltasuneko jarduna baiemenduta ikusi eta gero, distribuzio haundiaren mesederako eta kaleko salmenta irtenbide duten ekoizle txiki batzuenentzako kaltetan hartutako erabaki honen atzean, ze irizpide ote dagoen eta nork agindu ote duen galdetzen diogu gure buruari.
Elikadura subirautzaren esan nahia, berri xamarra agian gizarte gero eta kalekoago honetan zein eztabaida politikoan, baina finean aspaldikoa eta unibertsala, intelektualki garatu behar badugu ere, gure egunerokotasunean ere garatu behar dugu, jendarte guztiaren elikadura on baten aldeko eskubidea bermatu dadin.
Etxean sartuta egotea behartu gaituen krisialdi honek pentsatuarazi behar liguke, gaitza hau oraindik ere hiltzaileagoa balitz, 12 ordutan pertsonak akabatzeko gai balitz, garraioa era bat debekatuta balego, denda eta supermerkatuak betetzerik ez balego…Baratze, frutu soro, hazinda, esnea, arkumeak lituzken hori neurri batean salbu legoke eta debekatu ez, baizik eta behartu egingo lukete merkatuetan atera eta bere produktuak salgai jartzeko.
Gure mantenurako besteekiko erabateko mendekotasuna, pertsona, herri eta herrialde mailan, arrisku eta zuhurtziagabekeria bat da, eta ez dugu horretan behar adina erreparatu. Familia nekazaritzaren ereduaren defentsa, negoziotik eta landa-inguruneko jarduerari eustetik edo ingurumena kontserbatzetik haratago doa; ezin dugu onartu elikadura (ekoizpena, transformazioa, banaketa eta salmenta) ikuspegi merkantilista hutsa duten jabe handien eta korporazioen eskuetan kontzentratzen utzi, ez hemen, ez mundu osoan.
Herrietan betiko ezagutzak izan diren lurra prestatu, erein, landatu, jorratu, kimatu, uzta bildu, esnea jetzi, gazta egin, arkume edo txerri bat hil eta abar, zori txarrez gero eta urriagoak dira jende artean, baina ikasi beharreko gauzak direla uste dugu.
Hala ere Nafarroan izango dira 20.000 baratze txiki, asko jubilatutako jendeak landatuak, oraindik ere aipatu dugun ezagutza hori gorderik dutelako. Horietako baratza bakoitza urtean 100 aldiz 3 lagun elikatzeko adina ekoizteko gai baldin bada, 6 milloi razio gutxiago ditugu elikadura katean barna, eta neurri batean 20.000 famili elikadura subirautza egiten ari dira.
Hona eta hara dendetan jende gutxiago ibiltzen laguntzen duen eta beraz kutsadura ekiditzeko ere ona den baratzetako jarduera, eta beharrezko neurriak hartuz egin litezken kaleko azoken debekatzeak ezin ditugu ulertu. Beraz elikadura subirautzaren alde eta zentzuz jokatzearen alde, baratzetako jarduerari zein kaleko azokei bai.