Azkoiengo grebalarien ekintza ikusgarri bati “era bortitzean” erantzun duela Foruzaingoak salatu du LABek
Lan arloko nazioarteko hainbat eragileren babesa jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek. Nazioarteko ordezkaritza bat hurbildu da Azkoienera, eta bertan izan da langileekin, greba mugagabearen bederatzigarren egunean. Langileek, bere aldetik, ekintza ikusgarri bat egin dute goizean, enpresaren sarrera oztopatuz furgoneta eta herri harresi batekin. Foruzaingoak haien aurka oldartu da.
2019-ko urtarrilak 3
Goiz mugitua izan da gaurkoa Azkoienen. Nazioarteko ordezkaritza zabalaren presentzia iragarri zuen atzo LAB sindikatuak, eta agerraldi bat finkatu zuen eguerdirako. Baina prentsaurreko hau egin baino minutu batzuk lehenago, furgoneta bat sartu da Huerta de Peraltako enpresan eta sarreran gurutzatu dute. Bi pertsona furgoneta gainean igo dira eta greban dauden langileekiko elkartasun kartelak erakutsi dituzte. Momentu horretan, grebalariek herri harresi bat osatu dute sarreran, errepidean eseriz. Tentsio uneak bizi izan dira orduan, Foruzaingoak herri harresia deusesten zuenean. Banan banan langileak kendu dituzte, tentsio uneak eragiten. LABetik salatu dutenez, Foru Poliziak “jarrera bortitza” izan du. “Foru Poliziak irainka hasi dira (besteak beste, “te vamos a matar”, “te vamos a enterrar”, “te vamos a dar una paliza” esanez) eta bertaratutako pertsona batzuk kolpatu dituzte; Imanol Karrera LABeko bozeramailea bera, tartean”, salatu du sindikatuak. Era berean, Foru Poliziak nazioarteko ordezkaritzako kide baten aurka egin du, elkarretaratzearen ondoren identifikatu eta “desobedientzia” delitua egotzi eta gero. Hortaz, LABek Nafarroako Barne kontseilari Maria Jose Beaumonten dimisioa eskatu du berriz ere.
Ondoren, lan arloko nazioarteko hainbat eragileren babesa jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek. Hain zuzen ere, nazioarteko ordezkaritza bat hurbildu da Azkoienera, eta bertan izan da langileekin. Azken egunotan izandako jazarpenari buruz aritu dira, baita atzo zuzendaritzarekin izandako bileraren inguruan ere. Nazioarteko ordezkaritza honek Nikaragua, Brasil, Argentina, Països Catalans, Galiza, Aragoi, Turkia, Palestina, Uruguai, Kanariak, Italia, Valentzia, Alemania, Austria, Txekiar Errepublika, Grezia, Swazilandia, Zipre, Andalucia eta Frantziako sindikatuetako elkartasun mezuak ekarri ditu.
Mobilizazioek ez dute etenik, eta Elkartasun egun bat antolatu dute biharko. Hain zuzen ere, goizeko 8etatik 11k arte enpresaren atean piketeak eginen dira, eta 12:00etan manifestazioa egingo dute Azkoienen.