Azken konfirmazioekin, 84 taldek osatuko dute HTX 20ko kartela
Governors, Esne Beltza, Berri Txarrak, Betagarri, Arkada Social, Vendetta, Josetxu Piperrak, Doctor Deseo, El Corazon del Sapo, Willis Drummond, Sorkun, Anari, Skontra, Ken Zazpi, Gatillazo, Su ta Gar, Zartako-K, Enkore, El Sonido de la Metralla, Trikidantz, Mafalda, Gatibu, Gozategi, Porrotx, Porco Bravo eta Juantxo Skalari dira kartelera gehitu diren azken taldeak.
2017-ko martxoak 21
50ekin nahikoa ez eta beste 34 talde batu dira Hatortxu Rock 20ko kartelera. Hasiera-hasieratik esan zuten herri honek aspaldian ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena antolatuko zutela eta horixe bera egiten ari da.
Eta beste behin, hainbeste izenen artean, gustu anitzetarako kartela osatu da. Bertan izanen dira Hatortxu Rocken aspaldiko lagunak eta hutsik egin ezin zezaketen Esne Beltza, Berri Txarrak, Arkada Social, Vendetta, Sorkun, Ken Zazpi, Gatillazo, Su ta Gar, Gatibu edo El Sonido de la Metralla iruindarrak ere. Baina Hatortxu Rocken, etxeko talderen bat baldin bada, hau Governors da. Arrasatearrek eman zioten ereserkia elkartasun jaialdiari, eta 20. edizio honetan ezin zuten hutsik egin. Eskenatokietara itzuli egingo dira, baina aurten Lakuntzan soilik ikusi ahal izango ditugu.
Eta itzuleraz ari bagara, El Corazón del Sapo nabarmendu behar. 2000. urtean jaitsi zen eskenatokietatik Aragoiko taldea, eta Hatortxu Rocken eginen du bere itzulera.
Zerbait berezia ekarriko digu Betagarrik ere. Oraingoan Obrint Pas taldeko Xavi Sarria eta Miquel Gironesekin batera. Emanaldi berezi taldean gasteiztarrek eta valentziarrek bat eginen dute, bi taldeen abestiak plazaratuz. Gauza bera esan daiteke Doctor Deseoren inguruan, zein denbora batean eskenatokietatik jaitsiko den eta HTX20 izango da hau ikusteko azken aukera.
Herri honen bi historiko haien proiektu berriekin iritsiko dira. Josetxu Piperrak & The Riber Rock Band eta Juantxo Skalari & La Rude Band. 19. edizioan utzi zuten zapore bikainaren ostean, Mafaldak ere ez du hutsik egingo. Lehen aldiz egongo direnak, ordea, Jo & Swiss Knife, Sara Hebe, Bultz, Itaca Band, Willis Drummond, Anari, Skontra, Zartako-K, Enkore, Dj Reimy, Reviverb Live, Trikidantz, Gozategi, Liher, Porco Bravo eta Dremen izango dira. Eta dena ez dira musika eta kontzertuak izanen. Porrotxek ere bere izena batu du zitara.
Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdiak uztailaren 27tik 30era izango du bere 20. edizioa, Lakuntzan. “Hatortxu Rock-ek urtero egiten du benetako ahalegin bat oholtza gainean soilik bertan ikusiko den zerbait eskaini aldera. Eta ahalegin hori biderkatu egin dugu aurten. Unea da errepresaliatu politikoen egoera behingoz errotik hartu eta konpontzeko, eta horretarako benetako zita berezia antolatzea ezinbesteko ikusi dugu”.