Azken istripuak salatu eta sakabanaketa amaitzeko konpromezuak exijitu ditu Etxeratek

Asteburuan presoen senideek izandako bi istripuren xehetasunak eman ditu Etxerat elkarteak, presoen sakabanaketa salatzearekin batera. "Fisikoki minduta gaude, baina beste bidaia bat egiteko prest", adierazi dute senideek.

2016-ko azaroak 24

Istripuak aldi berean gertatu ziren, larunbat gauean. Burgos-Gasteiz errepideko 34. kilometro inguruan, basurde talde bat Huelvatik bisita egitetik zetorren furgonetaren bidean gurutzatu zen. Bertan, sei senide eta bi gidari boluntario zihoazen. Gainera, Mansillatik bisita egitetik bueltan zen senide batek istripua izan zuen. Bi kolpeen ondorioz, bederatzi pertsona larrialdietan artatu zituzten; horietatik seik lepokoa daramate, eta medikuaren aginduz atsedena behar dute. Bi ibilgailuek ezin izan zuten bidaiarekin jarraitu; autoa erabat hondatu da.

Agerraldian, ezbeharra izan dutenetako batek hartu du hitza: “Ez gara kexatuko, txarragoa izan zitekeen. Behintzat bizirik eta onik geunden. Bada, ez, kexatuko gara, eta kexatzeko eskubidea daukagu. Batzuek biktimez, memoria historikoaz, erantzukizun eskaerez, zoru etikoez ahoa betetzen duten bitartean, astebururo, milaka euskal herritar, haur, gazte, heldu eta zahar, errusiar erruletara jokatzen ari gara. Eta erruleta horrek, heriotzak eta senda ezinezko zauriak eragiten dituen horrek, erantzule zuzenak dauzka”.

EAJ, PSOE eta PP egin ditu presoen sakabanaketa politikaren erantzule: “Zoru etikoaz hitz egiten diozue euskal jendarteari, eta 337 istripu eta hamasei hildako eragin dituzue. Hori al da zuen etika? Hemen gauden gizon-emakumeok zuen biktima gara”.

Gehiago