Azaroak 25, biharamun

2014-ko azaroak 29

Iratzargailuak jo du, goiza da. Udazkeneko egun lainotsu horietako bat izango delakoan hartu dut kafea. Atzo azaroak 25 izan zela eta, interneten jardun dut denbora luze. Berriek diote herri eta auzoek, indarrak batu dituztela mobilizazioei begira. Uholde moreak, badirudi, aldarrikapenaz busti gaituela oraingo honetan; hala bedi egunero!

Atea itxi, portaletik atera eta autobuserako bidea hartu dut. Begiradak eta ekidin ezin diren amorruak tarteko, iritsi naiz. Eta bidenabar, egunari irri batekin ekiteko gogoa kendu zaidala aitortuko dut. Ez da misteriozko pelikulaz ari naizela, okerrago, egunero sistema heteropatriarkal kapitalistak bizitzera behartzen gaituen jazarpen horiez ari naiz.

Gaurkoan ere ohartu naiz, nola gizon batek bere aurretik pasa den emakume baten ipurdiari begira denbora luzez jardun duen hipnotizatu izan balu bezala; ohartu naiz piropoa izan nahiko lukeen txistu batek emakume bati irribarrerik ez diola atera; ohartu naiz minigona jantzita duen emakumeari ia erradiografia bat buruz egiteko gaituta dagoenik ere badela; ohartu naiz autobusean lekuak justuak izanik, emakumeok zuzenago esertzera behartzen ditugula gure buruak, gizonezkoek hanka zabalik egoteko inongo arazorik ez dutenean; ohartu naiz bi nesken elkarrizketa batean hirugarrenaz gaizki esaka aritzea arrunta dela; ohartu naiz denda gehienak emakumeari begira daudela, lema xamurrak tarteko, ea amua zeinek lehenago irentsiko duen…

Zerrendaketa luzea izan da ordu bateko bidaian identifikatutakoek eman dutena eta egun osokoa eginik amaigabea bilakatuko lukete. Ez da berria esatea, botere harremanen sistema honek generoak baliatu dituela rolak erantsi eta eurak elikatzen dituzten balore horiek erreproduzitzeko. Baina beldur naiz txikitatik jaso eta barneratu ditugun heinean jarrera sotil horietaz jabetzeko aukerak mugatuak ez ote diren.

Hortaz, hasi gaitezen gure eremutik, inguruan ditugun harreman eredu horiek aztertzen. Egin dezala norberak beste generoarekiko edota berean sentitu dituen jazarpen eta oztopoen analisi bat. Eta ohartuko gara hainbat arazoren muina bizi garen sistema berean dagoela.

Egoera iraultzeko subjektu feministak izan behar garela ez dago zalantzan. Baina esatearekin aski ez denez, Ernaik berriki atera duen mikromatxismoen dossierra (http://ernaigazte.cc/eu/dokumentuak/ezkutuko-hitzez-marrazten) irakurtzera gonbidatu nahi zaituztet, berau landu eta ideia desberdinen inguruan hausnartzeko; finean, aldaketarako bidean, deseraiki eta eraiki horretan printze urdinak, nola maitasun erromantikoak alde batera utzi eta harremanak bestela garatzeko. Izan dadila benetako tsunami more bat biharkoa, non jarrera eta botere harremanak betaurreko nola mikroskopioetatik at utziko ditugun!

 

Gehiago