Auzoetako jai herrikoiak bultzatzeko protokoloa egiten ari dira

Auzoetako Jai Batzordeek eta Iruñeko Udalak lehenengo bilkura izan dute protokoloa elkarlanean egiten asmoz.

2015-ko urriak 16

Foro honen helburua Udalaren eta jai batzordeen arteko elkarlana zehaztuko duen protokoloa eratzea dela jakinarazi dute eta elkarlan hau batez ere bi norabidetan burutu nahi dutela azaldu dute, elkarlanean eta jai batzordeen autogestio gaitasunaren errespetuan.

“Auzoetako jaiek urtero isun ugari jaso dituzte eta inertzia honekin hausteko asmoa dugu”, jakinarazi dute Udaleko ordezkariek. Bestetik, Udalak jai batzordeak laguntzeko asmoa dutela jakinarazi dute, azpiegituren instalazioan (eszenak, karpak edo soinu ekipoak) zein argi eta ur kostuen ordainketan ere. Era berean, jai guneak ixteko ordutegiak, egitarauak egiteko baldintzak eta baimenen afera aztertuko dituzte foro honetan.

Ingurugiroaren arloarekin loturik komun kimikoen instalazioa, birziklapena bultzatzea, garbiketa taldeen zein zakar edukiontzien erabilera bultzatuko dutela azaldu dute.

Parte hartzaileak
Lehenengo bilkura honetan Arrosadia, Txantrea, Alde Zaharra, Iturrama, Arrotxapea, Buztintxuri, Azpilagaña eta Mendillorriko jai batzordeekin zein Gora Iruñea! plataformarekin bildu dira Udal Gobernuko hainbat ordezkarik. Bilkura gehiago izango dituen foro honetan barnebilduta daude Donibane, Sanduzelai eta Etxabakoitzeko Jai Batzordeak ere.

Udalaren aldetik EH Bilduko zinegotzi Maider Beloki eta Aranzadiko zinegotzi Armando Cuenca izan dira.

Gehiago