Auzitegi Nazionalean deklaratu ondoren etxera bueltatu dira Ezker Abertzaleko 6 kideak

Kalera Kalera dinamikaren baitan euskal preso ohiei ongi etorriak antolatzea leporatu diete, baina seiek ukatu dute norbaiten aginduak bete dituztenik.

2020-ko otsailak 24

Amaia Izko abokatuak, deklarazioen ondoren NAIZi egindako adierazpenetan, jakinarazi du astelehen honetan deklaratu duten Alberto Matxain, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar eta Miren Zabaletari «terrorismoa goratzearen delitu jarraitua egotzi zaien arren, Kalera Kalera dinamikari buruz galdetu dietela bereziki».

«Kalera Kalera dinamikaren egituraren inguruan galdetu diete, arduradunen inguruan, egitura eta antolaketaren inguruan», adierazi du Izkok.

Ezker abertzaleko sei militanteri deklarazioa hartu diete gaur Auzitegi Nazionalean, baina beste sei kide deituak daude datozen asteetan deklaratzeko. Auziak helburu garbi bat du Sorturentzat: “independentismoak Estatuan ahalbidetu duen agertoki berriak zabal dezakeen edozein aukera zapuztea”. Urtarrilaren 20an, ezker abertzaleko lau kide atxilotu zituztenean, operazio horren guztiaren atzean “Estatu Sakona” zegoela esan zuten, “eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa”, hain zuzen ere.

“Gertatzen ari dena ez da kasualitatea. Inoiz baino adostasun zabalena dago euskal gizartean espetxe-politika aldatzearen alde. Atxiloketek eta zitazioek ez diote logika judizial bati erantzuten: Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak ahalbidetu duten egoera berriari erantzuten diote. Estatu Sakona modu iraunkorrean saiatzen ari da edozein aukera-leiho zapuztu asmoz. Estatu Sakon horrek ez du nahi gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman dadin”, dio Sortuk.

Gehiago