Auzia “muntaia politikoa” izan dela salatu dute 28ek
Atxilotu ostean salatutako torturengatik ez dutela kalte ordainik jasoko nabarmendu dute gazteek.
2016-ko urtarrilak 2
Sei urte bete ziren azaroan Segiko kide izateagatik 34 gazte atxilotu zituztenetik. Atxiloketa haien ondotik etorri dira, 40 gazteren kontrako epaiketa eta beste 28ren aurkakoa —bigarren auzia lehenaren jarraipentzat jo zuten—. Egun aske dira guztiak: Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako zazpietatik bost absolbitu egin baitzituen Gorenak, eta beste biei zigorra murriztu. Guztia amaituta babesa eman dietenei eskerrak eman diete auzipetutako 28ek. Horretaz gain, nabarmendu dute inork ez duela kalte ordainik jasoko atxilotutakoan salatutako torturengatik, eta ez eta “muntaia politiko” baten biktima izateagatik ere.
Deigarria da Segiren aurkako bi polizia operazio handiek utzitako emaitza juridikoa. 68 gazteetatik 66 jo dituzte errugabetzat. Denera, 408 urteko zigor eskaera egin zuen fiskaltzak, eta lau urteko zigorrean geratu da azkenean. Emaitza erreala, ordea, bestelakoa izan da. 51 gaztek salatu dute torturatu zituztela. Denera, 85 urtetik gora egin dituzte preso, “behin-behinean”, sakabanatuta.