Aurten Altsasun “Ospa Eguna” ez dela izanen iragarri dute, baina desmilitarizazioaren aldeko lanarekin jarraituko dutela ziurtatu dute

Ospa Eguna! desmilitarizazioaren eskaera agenda politikoan kokatu duen eguna dela baieztatu eta bide horretan jarraitu behar dela "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatua eta zapaldua dirauen bitartean" adierazi dute ohar bidez. Bideo bat zabaldu dute egindako hainbat pintaketen irudiekin.

2023-ko irailak 3

Hamarkada bat baino gehiago pasa da jada Altsasun lehen Ospa Eguna antolatu zenetik. Garai hartan, umorea, kritika politikoa eta festa uztartzen ziren desmilitarizazioaren aldarria lau haizetara zabaltzeko. Hasiera hasieratik, Espainiako indar polizialek eta Audientzia Nazionalak jo puntuan izan zuten egun hau, bere antolatzaileen aurkako auziak eta operazio polizialak abian jarriz. Indar erakustaldi bortitzena, zalantzarik gabe, “Altsasu auzia” deitutakoa.

“Altsasun eta Euskal Herria osoan “Alde Hemendik” aldarria agendan kokatu duen eguna izan da “Ospa eguna”, erreferentzia handikoa alegia”, adierazi dute bideoaren egileek ohar batean.

Idazkian, jakinarazten dute aurten ez dela Ospa Eguna eginen, baina “gaurkotasun osoa izaten jarraitzen duen aldarria” dela desmilitarizazioarena. “Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatua eta zapaldua dirauen bitartean, indar okupatzaileak gure artean izaten jarraituko ditugu, beraz, orain inoiz baino gehiago gure herritik alde egitera gonbidatzen ditugu, herri bezala burujabetzara salto eginez”.

Gehiago