Aurrematrikulazioan D ereduaren aldeko hautua egiteko deia egin du Nafarroako Euskalgintzak

Nafarroako Euskalgintza osatzen duten eragileek “Zerotik aurrera aukeratu euskara!” kanpaina jarri dute martxan haurren eskolako aurrematrikulazioan euskarazko eredua hautatzeko.

2023-ko otsailak 20

Aurrematrikulazio epea martxoaren 6tik 17ra izango da, eta hizkuntzaren hautuak berebiziko garrantzia duenez erabaki horretan, Nafarroako Euskalgintzak euskararen aldeko hautua egiteko deia egin du.

“Oraindik ere, Nafarroako herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Hizkuntza eskubideen urraketak ez dauka etenik gure lurralde zabalean”, esan du Euskalgintzak Mañeru bezalako adibideak aipatuz, non eta nahiz eta zonalde mistoan sartzeko eskaera egin, PSNk eta Navarra Sumak aukera hau baztertu duten. “Erabaki horrek, berriz ere atea itxi dio euskarari Mañerun eta agerian jarri du zonifikazioak ez daukala inongo oinarri soziolinguistikorik eta euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan”, azpimarratu dute.

Azken urteotan, euskalgintza eta hezkuntza komunitatea elkarlanean ari dira “Nafarroan euskarak bere tokia izan dezan”. Aurten ere, Nafarroako Euskalgintza osatzen duten hainbat eragile euskararen alde dei bateratu bat egiteko elkartu dira. Horretarako “Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!” kanpaina burutuko dute hurrengo asteetan zehar sare sozialetan D ereduaren aldeko mezuekin eta irudien mosaiko bat osatuz.

“Kanpaina honekin, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara”, ziurtatu dute.

Gehiago