Audiencia Nacionaleko Fiskaltzak terrorismoa goratzeagatik ikerketa abiatu du Ahotsa.info-ren aurka
Komunikabideko kide bat Espainiako Poliziak Iruñean duen komisaldegira deklaratzeko deitu dute gaur eguerdian. Euskal preso politikoak EPPKko kidei izendatzeagatik abiatu dute ikerketa. Aske utzi dute Ahotsa.info-ko kidea.
2018-ko uztailak 13
Terrorismoa goratzea egotzi dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Ahotsa.info-ri, 2018ko urtarrilaren 5 eta 13an zabaldutako bi albisteengatik. Albiste hauetan “euskal preso politikoak” deitzen zitzaien EPPK-ko kideei, eta hori da oraingo honetan Ahotsa.info komunikabidea erasotzeko erabili duten aitzakia.
Ahotsa.info-ko kide batek komisaldegira joan behar izan du deklaratzera. Uko egin dio deklaratzeari eta aske utzi dute. Orain Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak aztertuko du auziarekin jarraitu ala ez.
Ahotsa.info-k gogoratu nahi du hau ez dela jasaten duen lehenengo erasoa, eta zentzu berean, aurretik Euskal Herriko beste komunikabide batzuek Estatuaren aldetik jasandako erasoak eta itxierak ekarri nahi ditu gogora: Egin, Egin Irratia, Egunkaria, Ardi Beltza, Apurtu, Ateak Ireki… Egin egunkariaren itxieraren 20. urtemuga betetzen den honetan, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna arriskuan jarraitzen dute Euskal Herrian. Baina bere garaian azpimarratzen zen bezala, gaur ere ozen esan nahi dugu: jarraitzen dugu, jarraituko dugu!