Asteburu honetan Mikel Zabalza gogoratuko dute, bere hilketaren 35 urte betetzen direnean

Nafarroako Gobernuaren, gobernuaren bizikidetza alorraren, tokiko entitateen, hainbat alderdien eta eragile sozialen ordezkariek parte hartuko dute Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak antolatu dituen ekitaldietan. Larunbatean, Auritzeko Kultur Etxean ekitaldia (Ahotsa.info-k zuzenean emanen du) eta igandean Orbaitzetako Olan lore eskaintza.

2020-ko azaroak 26

35 urte bete dira gaur Guardia Zibilak torturapean Mikel Zabalza orbaiztarra hil zuela. Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenetik haren oroimenez hainbat ekitaldi antolatu ditu aurten ere, bizi dugun egoera berrira egokituta.

Horietan egia, justizia eta erreparazioa eskatuko dute, baita errepresioa berriz ez errepikatzeko bermea exijitu ere.

Ekitaldi nagusia azaroaren 28an eginen dute, Aurizko kultur etxean, 12:00etan. COVID-19aren hedapena geldiarazteko neurrietara egokituta, edukiera murriztua izanen du ekitaldiak eta gonbidapenarekin baino ezinen da sartu aretora. Lekuak agortu dira, jada. Ahotsa.info-k streaming bidez eskainiko du ekitaldia.

Nafarroako Gobernuaren, gobernuaren bizikidetza alorraren, tokiko entitateen, hainbat alderdien eta eragile sozialen ordezkariak bertaratuko dira ekitaldira, Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenetik adierazi dutenez.

Urtero igandearekin egiten den oroimen ekitaldia, Mikel Zabalzaren sortetxearen ondoan dagoen oroitarriaren aitzinean, pandemiak ezartzen dituen baldintzetara egokituko dute ere. Orbaizetako 1985ko gazteek egin zutena eredu hartu dute eginen den lore eskaintza antolatzeko. Mikel Zabalzaren hiletaren egunean, abenduaren 18an, traktore eta auto anitz bailarako errepideak zeharkatu zituzten, bat bateko ekitaldi hunkigarri batean, eta haren familiari elkartasuna adierazteko bere etxe aurretik igaro ziren. Beraz, igandean goizeko 11:00etatik aurrera, herri lore eskaintza eginen dute Orbaizetako Olan, Mikel Zabalzaren oroitarriraino autoz gerturatuz. COVID-19aren aurkako neurrietara egokituta, jende pilaketak ekidin nahi dituzte; beraz, banan banan oroitarrian lore bat ezartzea izanen da familiari elkartasuna adierazteko aurtengo keinua. Herri ekimenak loreak banatuko ditu.

Gehiago