Askapenako bost auzipetuak absolbitu egin dituzte
Epaiketako frogen arabera, "harreman zuzenik ez" dago Askapenaren eta "talde terroristen" artean. Epaileak ez du frogarik aurkitu Askapenako kideek "militantzia bikoitza" egiten zutela esateko. Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen bost auzipetuentzat.
2016-ko otsailak 3
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu auzipetutako Askapenako bost kideak: Gabi Basañez, Unai Vazquez, David Soto, Walter Wendelin eta Aritz Gamboa. Fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatzen zuen “talde terrorista” batekin elkarlanean aritzea leporatuta. Aldiz, epaileak ez du halakorik berresten duen frogarik aurkitu. “Ez dago ETAk Askapenari zuzendutako zuzeneko agindurik, ez eta haren erantzun mezurik ere”. Horretaz gain, sententziak nabarmentzen du ez dela egon “militantzia bikoitzik” eta auzipetutako bost kideak ez direla inoiz zigortuak izan “talde terroristako kide” izateagatik edo harekin elkarlanean aritzeagatik.
96 orrialdeko epaiak nabarmentzen du MLNV “ETAk zuzendutako erakunde multzo bat” den arren, badirela “beste erakunde batzk” haren ideologiak jarraitu arren, ez daudela zuzenean “ETArekin lotuak”. Dena den, epaileak zuritu egiten du Askapenako kideak auzipetzeko erabakia esanez “talde terroristekin” zuzeneko harremanik ez bazuten ere, “ETArekin lotutako ezkutuko erakundeekin” zituzten harremanak “nahikoa zantzu” zirela ikerketa abiatzeko.
Unai Vazquezek Info7 irratian esan duenez, hedabideen bidez jakin dute absolbituak izan direla, Iruñean eraikitako Babesgunean zeudela. “Angela Davisek Euskal Herrira egingo duen bisita baliatuta, Pantera Beltzak eskubide zibil eta politikoen inguruko hitzaldia ematera zetozen. Eta, haiek atetik sartzearekin bat, jakin dugu albistea”. Epaitzeko dauden auziak gogoan, eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokan jarraitu behar dugu. Herriaren indarra eta mobilizazioa behar ditugu, bai epaiketa politikoen auzian, bai eskubide zibil eta politikoen urraketan, orokorrean”.
Vazquezek deitoratu egin du auziak euren egunerokoan izan duen eragina: “Gure bizitza guztiz baldintzatu du espetxeak, dispertsioak eta epaiaren zain egoteak”. Gaineratu du internazionalismoan lanean jarraituko duela Askapenak, “ezinbestekoa” delako, munduan “hainbat herri” borrokan dauden heinean. Babesgunea eraiki aurretik ere babestuak sentitu direla baieztatu du, eta esan nazioartetik atxikimendua eta elkartasuna jasotzeaz gain, epaiari aurre egiteko konpromisoa ere agertua zietela, epaia zein izan zitekeen jakin gabe zeuden artean ere.
“Auzi politikoa”
Askapenak lehendik ere salatua zuen ez zegoela frogarik Basañez, Vazquez, Wendelin, Soto eta Gamboaren aurka. Joan den azaroan Bilbon egindako agerraldian hala gaitzetsi zuten Alaitz Amundarain eta Lur Gil Askapenako kideek. “Froga errealen faltan, akusazioarentzat berebiziko pisua hartu dute ETArekiko gaitzespenak eta preso politikoen terminoa nazioartean zabaldu izanak”.
Ildo beretik hitz egin zuten auzipetuek eurek ere epaiketako azken egunean. Wendelinek salatu zuen errespetu falta zela Askapenan egindako lana ETAren aginduz egin zutela esatea, “erakunde baten txotxongilo” gisa hartu zituztelako.
Auzian zehar hainbat elkartasun mezu jaso dituzte auzipetuek, tartean, Geroa Bai, Ahal Dugu, EH Bildu eta Ezkerrarena. Albistea pozik hartu dute auzipetuei elkartasuna adieraz amsoz Iruñean eraikitako Babesgunean.