Arturo Campion euskaltegiak, 50 urte euskarari bide emanez

Iruñeko Arturo Campion-IKA euskaltegiak 50 urte betetzen ditu ikasturte honetan, eta asteburu honetan ospakizunei hasiera emanen diete.

2022-ko otsailak 24

“Gure euskaltegian euskal hiztunak sortzea eta horiek euskaraz mintzatzeko aukerak sortzea izan ditugu eta ditugu helburu nagusi, euskara eta euskal kultura gure bizitzaren parte izan daitezen eta ez azterketa bat gainditzeko bidea soilik”, dio IKAk. Eta horretarako, auzolana izan dute tresna nagusia. “Garaiak dezente aldatu arren, saiatzen gara izpiritu horri eusten”.

Otsailaren 26an hasiko dira 50. urteurren hau ospatzeko ekitaldiekin. Egun horretan aurkeztuko dituzte euskaltegiaren maskota, Arturo Campion idazle iruindarraren kilikia, eta ospakizunen karira Kasu taldeak sortutako abestia. “Lau egitasmo nagusi ditugu esku artean: “50 urte, hamaika istorio” liburua, izen bereko dokumentala, Teatrolari Antzerki Eskolak, Hutsun Txalaparta Taldeak, Nafarroako Orfeoi gazteak eta Ortzadar Dantza Taldeko zenbait dantzarik Baluarten eskainiko duten ikuskizun musikala eta elkarlan luzeago baten hazia izan daitekeena, eta datorren maiatzaren 21ean antolatuko dugun jai-egun zoragarria”. Gainera, formatu txikiagoko hainbat ekitaldi eginen dituzte hiriko zenbait gunetan euskararen eta euskal kulturaren presentzia bazter guztietara eramateko.

Crowdfunding bat jarri zuten martxan proiektu hauek guztiak aurrera eramateko, Itsulapikoa web gunearen bidez. “Espero bezala, diru laguntza bikaina eskuratu dugu eta gure asmoak errealitate bihurtzen ari gara orain. Eskerrik asko guztioi eta goza dezagun 50. urteurren hau”.

Gehiago