Arrotxapeako “Osasun etxeak eta biok euskaraz” ekimenak atxikimendu zabala jaso du
Otsailaren 4an jende kate batekin osasun zentroan mediku eta pediatra euskaldunak aldarrikatuko dituzte.
2017-ko urtarrilak 23
Errotxapeako osasun etxean mediku eta pediatra euskaldunak aldarrikatzeko kanpainari jarraipena emateko otsailaren 4an giza kate bat osatuko da. “Osasun etxeak eta biok euskaraz” ekimenaren helburua auzoko osasun zentroan mediku eta pediatra euskaldunak erdiestea da, eta horretarako norbanako eta kolektiboen atxikimenduak bildu dituzte. “50 auzokide izan gara orain arte, euskaraz bizitzeko hautua eginez, osagile euskaldunak exijitu dugunok. Osasunbideako eta Euskarabideako, zein Osasun kontseilariarekin biltzea lortu dugu. Hala ere, hauetako inork, gure aldarrikapenak legegintzaldi honetan gauzatuko diren ez digu ziurtatu. Baliabide falta, mediku euskaldunen eskasia, eta Vascuencearen legeak suposatzen duen galga dira, haien hitzetan, horren guztiaren arrazoi”, salatu dute aipatutako ekimenatik.
Osasun zentroan euskaldunak sartzen diren bakoitzean euren hizkuntza eskubideak “zapalduak” direla eta horrek “bigarren mailako herritarrak” egiten dituela salatu dute.
Otsailaren 4an larunbatarekin eguerdiko 12etan, “Mediku eta pediatra euskaldunak orain!” lelopean egingo den jende katean parte-hartzera animatuz, Errotxapeako eragile ezberdinek manifestu bat kaleratu dute. Momentuz, AEK, Batean, Errotaberri elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Gaztetxea, Goiz Eder haur eskolako guraso elkartea, Hutsun txalaparta taldea, Jai batzordea, Patxi Larraintzar eskolako guraso elkartea eta Sare Herritarrak bat egin dute deialdi honekin