Arrazoiak daudelako, Alde Zaharreko bizilagunek auzoko presoen eskubideen alde kaleak hartuko dituzte larunbatean
Arrazoiak ekimenak bihar larunbatean Iruñeko Alde Zaharrean ekimen ezberdinak eginen ditu euskal preso politikoen eskubideen alde. Lasterketa bat, kalez kale argazkiak, hamaiketako eta bazkari herrikoia, ekitaldi politiko bat, kale animazioa eta kontzertu bat.
2018-ko maiatzak 4
Gaur egun, Iruñeko Alde Zaharreko bost bizilagun daude preso euren etxetik ehundaka kilometroetara. Haien eskubideak aldarrikatzeko eta dispertsio politikarekin behin betikoz bukatzeko exijitzeko abiatu zen pasa den urtean Arrazoiak ekimena, bizilagun talde baten iniziatibaz. Ekimen honen helburu nagusia, bizilagunen elkartasuna adieraztea da, modu original eta grafiko batean. Horregatik, kalez kale eszenifikatu nahi dute babes hau, auzoko estrata guztietan auzokideak bilduz eta argazki bat eginez.
“Alde Zaharrak, auzo gisara, bere elkartasun izaera erakutsi behar du, auzokideak bihurtuz bere aldarrikapenen protagonista”, adierazi dute. Hori hala, iaz egin bezala, mobilizazioa eta jai giroa uztartuko dituen eguna izango da larunbata honetan. Bizilagun bakoitzaren parte hartzearekin, kilometro bat ezabatuko dute, presoen eta auzoaren arteko distantziarekin amaitzeko.
Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean goiz, lasterketa hasiko da, goiz osoan zehar Alde Zaharreko kaleetatik ibiliko dira korrikalariak. Kale animazioa eta hamaiketakoa izanen dira auzoko txoko ezberdinetan 11.00etatik aurrera, eta eguerdiko 12.30etan argazki herrikoiak eginen dira auzoko kale bakoitzean. Ondoren, kalejiretan abiatuko dira San Frantzisko Plazaraino eta eguerdiko 13etan bertan eginen da ekitaldi politikoa. Herri bazkaria Alegria peñan eginen dute. Arratsaldean, Ilunberriko txaranga kaleak alaituko ditu eta gauean kontzertu bat eskeiniko du GuatzeikEz taldeak Santa Ana plazan.