Aroztegiaren lanak geldirik jarraitzen dute, eta makinak eraman dituzte
Lekaroz herrian eraiki nahi duten turismo eta urbanizazio proiektuaren lanak geldirik jarraitzen dute oposizioaren 7. egunean. Gaur gainera ikusi izan dute nola TEX enpresak bere makinak eraman egin ditu, guztien poztasunerako. Hala eta guztiz ere, Guardia Zibilaren presentziak itogarria jarraitzen du izaten, eta inkluso dronak erabiltzen ari dira Aroztak ekimeneko kideak kontrolatzeko. Hau da Aroztak kaleratu duen eguneko kronika:
2021-ko apirilak 23
Ortziralearekin itxi dugu Aroztok astea, dagoeneko zazpi egun daramazkigu kanpaldiaren bueltan elkarlanean. Gaude eta bagabiltza, Lekarozen eta Euskal Herriko hamaika iskinetan, makina bakar bat ere ez dadin mugitu eta maite dugun hori ez dezaten suntsitu. Geroz eta gertuago gaude gure helburutik: Gaur makinek Aroztegiatik alde egin dute. Poliziek ordea, ez dute amore eman, Lekarozko herriak berriki salatu duen moduan, ikaragarria da hauen presentzia: Argazkiak atera dizkigute, kanpaldian eta inguruan dabiltzan pertsonak, identifikatzen aritu dira. Hori gutxi balitz, dronen bisita ere eduki dugu, suposatzen dugu zelatan ariko direla honen gibelean dabiltzan enpresa pribatuak.
Zorionez ilunak berekin du argia eta gure kasuan, mundua indibidualismoaren garaian murgildua dagoen honetan, inoiz baino elkartuago egotea lortu dugu. Herritarrak solasteko eta hausnartzeko espazio bat topatu dugu hemen eta adiskide, badago zertaz hitz egin. Gurea eta gurean den hizkuntzaz adibidez: Euskaraz. Baztan euskararen arnas gune izan da Euskal Herriarentzat. Bertan euskaraz bizi gara, euskaratik elkartu, sortu eta zabaltzen dugu: Gure batzarretan, auzo lanean, herrian, jolasean eta etxean. Dakigunen artean euskaraz mintzatzen gara eta ez dakitenei erakutsiz handitu da gure bailara. Sinetsiak gaude gurea den hizkuntza, atzerritik gurera bizitzera etorri diren horiekin elkar-banatuz eta erabiliz gero, sendotu eta aberastuko garela.
Badakigu ere, gure hizkuntza gutxitua izatean, hauskorra dela. Aroztegia inguratzen duten haritzekin ikusi dugun bezala, nahikoa da motozerra baten segundotako lana, mende luzez ernalduz joan dena, ezerezean gelditzeko. Aroztegiako proiektuak ekarriko zuen bizi eredua, hala ikusten dugu guk. Ez da falazia, ez da irudipena, Lapurdiko kostaldera begiratzea bertzerik ez da behar hori ikusteko: Postaletan lauburuak eta ikurriñak eta bitartean kalean, euskaraz ez den bertze edozein hizkuntza entzungai.
Baina badaude hau ikusteko kapazak ez direnak. Joan den egunean, Tex-eko langileak etorri zitzaizkigun solasera, Aroztegiako makro-proiektua aurrerabidea zela azpimarratuz. Guk kontuz ibiltzeko eskatu nahi diegu aurrerapenaren izenean solasten duten horiei. Akatsetatik ikasteko idatzi zituzten liburuak gure arbasoek, beraz, ez atzendu XX. mendeak ere aurrerabidearen izenean lanean hasi eta egin zituen sarraskiak. Gogoratu, honen aurrekoa izan zela gerra gehien ezagutu zituen mendea.
Gure herriaren historia, orainaldikoa, herritarroi sortu eta idaztea tokatzen zaigu. Argi dugu gurea euskaraz izango dela. Eredu izan nahi dugu: Gure lurraren zaintzan, gure arteko babesa eman eta adierazteko orduan eta nola ez, ondarea dugun euskara erabili eta zabaltzerako orduan.
Zazpi dira asteko egunak, zazpi Euskal Herriko probintziak eta zazpi Aroztegia geldituko dugula adierazteko akanpatuak daramazkigun egunak ere; eta zazpigarren egun honetan irakurle, inoiz baino argiago dugu Aroztegia gelditzera etorri garela eta hau hasi bertzerik ez dela egin. Batzuk gu isiltzen eta herria hiltzen jo eta su badabiltza ere, katuak adina bizitza dauzkagu eta atzaparrak inoiz baino zorrotzago ditugula itxarongo diegu.