Aroztegiaren aurkakoen epaiketa salatzeko kanpaldia abiatu da Elizondon
Maiatzaren 19tik 23ra Nafarroako Auzitegian 7 baztandarren kontrako epaiketa izanen da 2021eko udaberrian Aroztegiko proiektu urbanistiko espekulatzailearen kontra egindako kanpaldian parte hartzeaz leporatuta.
2025-ko maiatzak 5
Atzo, kanpaldia abiatu baino lehen prentsaurreko jendetsua eman zuten, eta datozen egunotan izanen diren jarduerak aurkeztu zituzten. “Gure ingurua suntsitzea helburu zuen obra hura denen artean gelditu genuen, eta berriki erran dugun bezala, guk ere akanpatu genuen! Oroitarazi nahi dugu Aroztegikoa herritarren borondatearen kontra behin eta berriz inposatu nahi izan zaigun proiektua dela. Nafarroako Gobernuak Palacio de Arozteguia S.M.-ri legez kontrako proiektu eta ekintza guziak onartu dizkion bitartean, herritarrak babesik gabe utzi gaitu. Proiektua UGEP-aren bidez onartu eta enpresari herri lurrak zein nekazal lur pribatuak oparitu zizkion, Baztango entitate zein herritarrei erabakitzeko eskumena ebatsiz”, gogoratu zuten.
Aroztegiaren aurka eta herritarren borondatea defendatzeko desobedientzia zibila praktikan jarri zutela aldarrikatu zuten, eta horregatik zigortu nahi dituztela salatu zuten. Denera 20 urteko kartzela zigorra eta 43 milioi euroko indemnizazio eskaera 7 lagunen aurka eskatzen du akusazio partikularrak. Derrigortze eta bortxa delituen akusazioarekin batera, talde kriminal bat osatzea leporatzen zaie.
“Argi utzi nahi dugu zigor hau ez dela 7 herritarren kontra bakarrik, herri oso baten kontra baizik. Zigor eskaera hau gauzatzen bada, Euskal Herri osorako alimaleko aurrekaria ekarriko luke, herri mugimendu guzien erabateko kriminalizazioari ateak irekiz”, diote baztandarrek.
Tamaina honetako erasoak, tamaina bereko erantzuna eskatzen duela baieztatu zuten agerraldian, eta herritar guziak hurrengo egun eta asteetan antolatuko diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera eta elkartasuna adieraztera animatu dituzte.
Kanpaldiak heldu den larunbata arte iraunen du, Elizondoko plazan.

Gehiago

Kanpaldia amaituta, Aroztegiaren aurkako mugimendua indartuta atera dela diote antolatzaileek

2
“Absoluzioa Aroztegikoendako” kanpaldiak bere lehenengo eguna igaro du “herri bat” epaituko dutela salatuz
