Aroztegia proiektuaren obren hasierarako 1go urratsa ostegunean emanen da, eta protestak antolatu dituzte
Atzo Baztango hamarnaka gazte elkartu ziren atzo Elizondon Lekarozko Aroztegia proiektuaren aurrean euren desadostasuna adierazteko. "Proiektu faraoniko horren ondorioak gehien pairatuko dituen sektorea" direla uste dute gazteek. Ortzegun honetan obren hasierarako sinadura burutzeko hitzordua finkatu dute, eta Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak elkarretaratze bat antolatu dute, goizeko 10:00etan Lekarozko plazan.
2021-ko martxoak 17
Atzoko agerraldiaz gain, Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak elkarlanean Aroztegiko proiektua azaltzen duen bideo bat ere plazaratu dute. Bideoan Palacio de Arozteguía enpresak Lekarozen luxuzko hotela, 22 hektareako golf zelaia eta 228 etxebizitza turistiko egiteko asmoa dutela adierazten da eta bideoan diotenez, «baztandarrak egitasmo honen kontra daude».
Laburrean, bideoan hiru arrazoi nagusi ematen dira Aroztegiko proiektua gelditzeko. Lehenik, Palacio de Aroztegia enpresaren proiektua «espekulazio urbanistikoa» dela salatuko dute. Bigarrenik, «krisi sozio-ekologiko garaian egin behar ez denaren eredua» dela azalduko dute. Izan ere, proiektuak berak egiteak eta ondoren, eremu turistiko honek «aldaketa klimatikoa areagotuko du». Hirugarrenik, Palacio de Arozteguíaren proiektuak «Baztango demografia aldatuko duela». «300 biztanle dituen herri batean 750 turistentzako etxebizitzak egin nahi direla» salatu dute. Honek, Baztanen «16. herri bat sortzea» ekarriko luke, «lurralde antolaketa desorekatuz».
Azkenik «bakar batzuk aberasteko Baztan baten ordez, guk bizitzeko Baztan bat nahi dugula» aldarrikatu eta proiektua gelditzeko egiten diren ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.