Aroztegia proiektu urbanistikoaren aurkako mobilizazioa izanen da bihar Elizondon
Nafarroako Gobernuak proiektu honetan dituen interesak eta egitasmoak Baztanen izanen duen eragina salatzeko deia egin dute "Aroztegia eta gero zer" plataformatik.
2019-ko otsailak 8
Aroztegiako lurrak kudeatzen dituen konpentsazio batzordeak urbanizazio lanak esleitzeko prozedura publikoa abiatzearen aurkako protesta izanen da bihar larunbatarekin Elizondon.
Nafarroako Gobernuak proiektu urbanistiko honetan dituen interesak salatu dituzte Aroztegia eta gero zer plataformako kideek. “Hauteskunde propaganda baten aitzinean gaude, dena lotu maiatza baino lehen zerbait egin dutela erakusteko. Legealdia akitu baino lehen dena lotuta utzi nahi dute ondotik inork ez dezan negozioa izorratu”, esan dute zabaldutako oharrean.
Plataformarentzat “lotsagarria” da Geroa Baik egin duena. “Aldaketaren gobernua izan behar zena inposaketaren gobernua bilakatu da Aroztegiaren gaiarekin. Hasieratik akordio programatikoan adostu gabe zegoen puntuetariko bat izan zen Aroztegiakoa. Ondotik gobernu “teknikoa” izendatu zuten eta “tekniko” nagusi bezala Manu Ayerdi izendatu zuten. Dudarik gabe bera izan da proiektu honen bulkatzaile nagusienetariko bat. Bera teknikoa bada gu bufaloak izan gaitezke”, esan dute.
“Nekazaritza eta turismo iraunkorrarekin ahoa betetzen zaien bitartean nekazal lur hoberenak proiektu inmobiliarioetara bideratzen badira laister Iparraldeko kostaren luzapen bat bilakatuko” direla salatu dute, “golfean jolasten duten jende arrotzez beterik bazterrak, erderaz mintzatzen karriketan, gazteak ezin herrian geldituz errenta eta etxebizitzak garestitu direlakoz…”
Egoera honen aitzinean garbi erran nahi diete “isunen eta inposaketen bidez” haiek “zutik eta tinko” egonen direla proiektu honen aitzinean, eta larunbata honetan, eguerdiko 12:00etan, Elizondoko plazan konzentrazioan parte hartzera gonbita luzatzen dute.