Aroztegia eta gero zer? plataformak makroproiektu honen aurkako borroka berpiztuko du datozen hilabeteetan
Lekaroz herrian egin nahi duten Aroztegia proiektuak Baztan osoan eragina izanen duela ohartarazi eta herritarrei honen aurka egiteko deitu ditu plataformak. Proiektu urbanistiko honen aurkako argudioak herritarren artean zabaldu ditu eta laster ekimenak eginen dituztela iragarri dute.
2020-ko otsailak 12
-Urte berria hasi den honetan Aroztegia eta gero zer? Plataformatik Aroztegiako pelotazo urbanistikoaren inguruko egoeraren berri emateko eskuorri hau zabaltzea erabaki dugu. Herritarrekin informazioa partekatu bitartean, Lekarozko herriari, eta Baztan osoari proiektu urbanistiko espekulatzaile honekin eragin nahi den kalteaz oroitarazi nahi dugu.
-Aroztegiako pelotazo urbanistikoa egiteko, ez-urbanizagarri ziren 40 hektarea lurra urbanizagarri bihurtu zuten. Hori egin ondotik, Lekarozen, 340 inguru biztanleko herrian, luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza eraiki nahi dituzte.
-Proiektu hau UGPS (Udalez Gaindiko Plan Sektoriala) bitartez inposatu zen. Modu honetan herriko nekazariei beren lurrak kenduz, herri lurrak bereganatuz eta Lekarozko herriarena izan den ermita, baimenik gabe proiektuan sartuz. Hau dena egiteko, Baztango instituzioen erabakitzeko ahalmenaren gainetik pasatu dira, nahiz eta Baztango Batzar Nagusiak, Baztango Udal Gobernuak, Lekarozko herriak eta Baztan osoak herri galdeketaren bitarteaz argi eta garbi erran duen proiektu honen aurka dagoela, behin baino gehiagotan gainera.
-Hainbat alditan erran dugun bezala, proiektu honek Baztango egitura sozioekonomikoa hankaz goiti paratuko luke. Horrelako proiektu urbanistikoak euskararen arnasguneetan eragiten duen kaltea nabarmena izaten da.
-Baztandarrek prozesu parte hartzaile baten bitartez onartutako Hirigintza Planarekin erabat hausten du. Lekarozen dagoen uraren arazoa larriagotuko luke. Zer erranik ez, proposatzen diren lanpostuen izaera prekario eta behin-behinekoa.
-Palacio de Arozteguia, S.Lren gibelean, alde batetik, Inmobiliaria Caixa Galicia dago (Partizipazioaren %51rekin), banku hau, herritarrenak ziren 9.000 milioi eurorekin erreskatatutako bankua izanik. Bertze aldetik, Salvador Urbistondo Arotzarena, Arotzarena Marin anaiak (SICAVen jabe eta iruzur fiskalagatik kondenatuak hauen artean) eta Eduardo Zubikoa Viela, bertzeak bertze. Hauek berak, La Olivan (Fuerteventura) eta Arrollalekun (Erratzu-Baztan), antzeko pelotazo urbanistikoak egin zituzten eta toki babestua zena porlanezko hilerri bihurtu dute gaur egun. Hori egin ondotik enpresak desegin eta ardura guztiak bertzeengan utziz “desagertu” dira.
-Gaur egun, obrak hasi behar dituztela erranagatik, hainbat auzi daude konpontzeko. Berriki Baztango Udalak Lekarozko herriaren eskariz ermitaren jabetzaren inguruko auzia irabazi du. Epaitegiak argi eta garbi erran du enpresak ermita proiektuan berea balitz bezala paratu badu ere, ez duela frogatu berea denik. Obren esleipenean ere, LAB sindikatuak prozedura horren kontra paratutako helegitea irabazi du, esleipen horrek kontratuen legea betetzen ez duela erakutsiz. Azkenik, Hotelaren obren proiektuak Nafarroako Ondasun departamentuko Principe de Vianaren kontrako txostena du. Beraz, ez du araudia betetzen. Bide luze honetan behin eta berriz ikusten ari gara promotoreek lege eta araudiak bete gabe ere, inpunitate osoz egiten dutela aitzinerat.
-Azkeneko jokaldia Hilton Hotel katearen babesa lortu dutela izan da. Gauza positibo bezala saldu nahi digute, bertze diru gose aseezina duen multinazional baten mesedetarat jarri nahi gaituzten bitartean. Hilton Hotel kate estatubatuarrak berriki hainbat salaketa jaso ditu AEBetako epaitegi ezberdinetan. Alde batetik, haurdun dauden langileen eskubideak ez errespetatzeagatik. Bertze aldetik, 13 emakumek sexu trafikoarekin etekinak ateratzeagatik akusatu dute hotel kate hau, horien artean batzuk adingabeak dira. Eta guk sinesten ditugu! Hau al da ¨bertako emakumeendako¨ eskaini nahi dizkiguten lanpostuak?
-Hau dena guti balitz, 2018. urtera artio Hilton hotelen kateko akziodun garrantzitsuenetako bat, Blackstone Group multinazionala izan da. Donald Trumpen kanpainak babesteagatik eta Amazoniako deforestazioan izaten ari den arduragatik ezaguna. Nazio Batuetako Negozio eta Giza Eskubideen txostenak egiten dituztenak, multinazional hau alokairuak neurrigabean igotzeagatik eta etxe-gabetze bortitzak aitzinerat eramateagatik ere salatu dute.
-Beraz, Baztan espekulazio iturri eta aberats guti batzuendako parke tematiko bihurtu nahi duten horien aitzinean, guk herritarren Baztan defenditzen segituko dugu. Gure herria, gure hizkuntza, gure lurra eta gure erabakitzeko eskubidea defendituko dugu. Testuinguru honetan kapitala edo bizitza aukeratzeko momentua da, guk bizitza aukeratzen dugu. Hortaz, herritar guztiak deitzen ditugu hurrengo hilabeteetan proiektu honen kontra burutuko diren ekintzetan parte hartzerat.