Ariguneak areagotu nahi ditu hirugarren Euskaraldiak

Udazkenean egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartzeko deia egin diete era guztietako entitateei ekimen honetako antolatzaileek Iruñean egindako agerraldian. Ariguneak osatu eta izena emateko epea zabaldu da, euskaraz aritzeko guneak sortuko dituzten entitateek parte hartu dezaten.

2022-ko maiatzak 29

Euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko deia egin diete era guztietako entitateei Euskaraldiaren antolatzaileek. Aurtengo udazkenean egingo den ekimenaren hirugarren edizioak, berriro ere, ariguneak izango ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziekin batera. 2020an egindako bigarren edizioan bezala, entitateek parte hartzeko aukera izango dute eta beraien funtzio nagusia euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea izango da. Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie, beste behin ere.

Maiatzaren 18tik aurrera zabalik dago entitateek Euskaraldian parte hartzeko aukera. Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute webgune honetan. Aurten izen-emate prozesua erraztu dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta aurretik prozesua egin dutenek ere erraz berretsi ahal izango dutela parte hartzea.

Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aurreko edizioetako balorazio eta ikerketetan. Horregatik, ariguneak sortu, hedatu eta identifikatzen jarraitzea lehentasuna izango da Euskaraldian.

Euskaraldia urrats eta lorpen ugariren gehiketa izan da aurreko edizioetan. Hirugarren edizioan ere proposamen hori egingo zaie parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezaizkietela beraien buruei. Erronka guzti horien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea.

Azkenik, Euskaraldia sei hilabete barru egingo dela gogora ekarri dute ekimenaren sustatzaileek: 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da hirugarren edizioa. Era berean, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dutela azaldu dute.

Aurkezpen ekitaldi honetan parte hartu zuten, besteak beste Osasuna, Iruñeko Planetarioa, Izarra tanatorioak, Arrasate, Karrikiri, Errigora…

Oskar Zapata, Nafarroako Euskaltzaleen Topagunearen Zuzendariak Euskaraldiaren garrantzia azpimarratu zuen. “2020ko edizioan izandako baldintza zailen ondoren, kalea hartzeko, aktibazioa areagotzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izanen dugu aurtengo Euskaraldian. Beraz, hirugarren edizio hau edizio garrantzitsua izango da. Parte hartzen duten belarriprest, ahobizi zein entitateei hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea izanen da helburu nagusia, herriz herri, ilusioz, motibazioz.”.

Bere aldetik, Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako Kontseilariak esan zuen euskararen sustapenerako Euskaraldiaren bezalako tresnak ezinbestekoak direla. “Euskara, batez ere, komunikaziorako tresna bizia da. Horregatik, hiztun berriekiko dugun konpromisoa defendatzen dugun bezala, Euskaraldia bezalako ekimen garrantzitsuak bultzatzen ditugu, egunez egun euskararen prestigioaren eta sustapenaren alde lan eginez.”

Gehiago