Argia: “Ez dugu isuna ordainduko, Mozal Legea borrokatuko dugu “

ARGIAko lantaldeak erabaki du Espainiako Gobernuak Axier Lopez kazetariari jarritako isuna ez ordaintzea, Mozal Legea injustua eta informatzeko eskubidearen kontrakoa delako. Helegitea jarriko diote Gobernu Ordezkaritzak hartutako neurriari.

2016-ko apirilak 7

Ostegun goizean Lasarte-Oriako egoitzan batzarra egin du ARGIAko lantaldeak. Bertan erabaki dute Espainiako Gobernuak lankide duten Axier Lopezi jarritako 601 euroko isuna ez ordaintzea. Gertaera baten argazkia txiokatzeagatik ezarritako zigorra ARGIAren eta proiektua sostengatzen duten herritarren kontrako erasoa dela iritzi dute.

Kazetaritza egitea eta adierazpen askatasuna delitu bilakatu nahi dituen “Herritarren segurtasunerako 4/2015 Lege Organikoa” erabat injustua iruditzen zaie eta ez dute onartuko “informatzeko gure independentzia murriztuko duen araurik”.

“Aldarrikatzen dugunarekin koherentzian, Carlos Urquijo buru duen ordezkaritzak isuna ordaintzeko egindako eskaria desobedituko dugu. Ez dugu ordainduko, eta horrez gain helegitea jarriko dugu, gure eskubideen defentsa azkeneraino eraman nahi dugulako. Ibilbidea non eta nola amaituko den ez dakigu, baina gure jarrera hori izango da”, azaldu dute euren atari digitalean.

“Konpromiso irmoa daukagu askatasunean eta normaltasunean informatzen segitzeko, legeen aurretik herritarren eskubideak daudelako, behingoz moztu behar dugulako Mozal Legea zintzilik dagoen hari politiko hori”, azpimarratu dute.

Axier Lopez ARGIAko kazetaria zigortu dute Mozal Legea aplikatuz eta 601 euroko isuna ezarri diote. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordearen izenean heldu den salaketak jasotzen duenez, “baimenik gabe” Naroa Ariznabarreta Eibarren atxilotu zuten uneko argazkia irudiak sareratu zituen Axier Lopez kazetariak. Lege hau horrela aplikatuta, Euskal Herriko kazetari bati jartzen dioten lehen zigorra da.

Gehiago