“Arduraz jokatzeko” unea dela eta “euskara erdigunean kokatzeko garaia” iritsi dela diote hezkuntzako hainbat eragileek

Sortzen, Ikama, Kontseilua, Ikastolen Federazioa, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek hezkuntzan pandemiari aurre egitean "euskara erdigunean" jartzea eskatu dute, eta hainbat neurri proposatu dituzte.

2020-ko azaroak 3

Covid-19ak sortutako krisiak bete betean eragin dio euskarari eta gure hizkuntzaren normalizazio prozesuari.

Ikasturte bukaeran, hezkuntzari lotutako berehalako hainbat neurri eta kezka indarrean jarri behar zirela ohartarazi genuen. Besteak beste, Ikasturte berriko eskolaratzeak aintzat hartu behar zuela euskararen auzia eta erdigunera ekarri.

Pandemiaren aurretik ere, gure kezka iturri nagusietako bat ikasleen euskara gaitasunean eta euskararen erabileran jarrita genuen. Itxialdiak ondorio larriak ekarri dizkigu, oro har, eta ikasturte hasiera gogorra izaten ari gara hezkuntzako eremu guztietan, baina euskarari dagokionean are okerragoa izaten ari da. Pandemiaren ondorioz bizitako itxialdiak euskararen ezagutzari ekarri dizkion kalteak ikaragarriak dira. Eta ezinbestekoa da kalte-ondorioei irtenbide serio eta egokia bilatzea.

Ikasleen artean hizkuntza-arrakalak sortu dira, eta euskararen egoeraz ez da inongo markotan hitz egiten ari. Itxialdiaren hasieratik behin baino gehiagotan esan dugu milaka eta milaka haurrek zein nerabek ez dutela inolako loturarik izango euskararekin, eta horrela izan da ia urte erdiz.

Arduraz jokatzeko unea da eta euskara erdigunean kokatzeko garaia iritsi da.

Hizkuntza-arrakalak gainditu nahi baditugu eta euskara gaitasunari dagokionez ikaslerik atzean utzi nahi ez badugu, ezinbestekoa da ikasturte berri honetan hizkuntza ardatz izatea.
Hori gauza dadin, eta Kontseiluak aurkeztutako Geroa Euskaratik dokumentua ardatz, neurri zehatzak proposatzen ditugu:
– Hizkuntza errefortzuak indartzea: “Euskaraz mintza” programa ikastetxe guztietan.
– Ikasle ratioak jaitsi eta egokitzea: hizkuntza aniztasunari hobeto erantzuteko.
– Ahozkotasuna lantzeko errefortzuak jartzea.
– Ikasleen emozioak euskararen erabilerarekin lotzeko helburua duten
programak abian jartzea.
– Konpetentzien ebaluazioa egitea ikasturte hasieran, neurri zuzentzaileak
hartu ahal izateko.
– Ikasleei hizkuntza beharrei erantzuteko baliabide pertsonal eta
materialak handitzea. Behar bereziak dituzten ikasleen eskubideak ere urratzen ari dira, eta guztiok dugu eskubide bera, guztiok gara pertsonak.
– Hezkuntza formaletik haratago, euskarazko eskolaz kanpoko jardueren eta aisialdiaren eskaintza hurbila eta anitza bermatzeko neurri zehatzak.
– Aurreko neurriak barne bilduko dituen murgiltze-eredua ezartzea ezinbestekoa deritzogu: ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko hizkuntza proiektuaren bidez.
– Nafarroako ikaskuntzako beste arloetan: arteen, hizkuntzen, kirolen eta helduen irakaskuntzan ere euskarazko eskaintza bermatzea eskatzen dugu.

Aipatutako neurriak bete daitezen, euskara sustatzeko diru-laguntza eta baliabide gehiago behar dira. Baina alderantzizko joeran ari dira Nafarroako entitate publikoetan, jakin berri dugu murrizketa gehiago etorriko direla euskararentzat. Gaur hemen bildu garen eragileok ozen esan nahi dugu, ez dela onargarria! Aski da! Euskarak arnas berria behar du, Nafarroan ere bai!

Gehiago