Apirilaren 15an, Erriberrin, euskara aukeratu duten familiek besarkatu dute

Sortzen elkarteak antolatuta, Erriberriko familia hauek babesteko eta egindako hautaketagatik zoriontzeko eginen da Besarkatu ekimena.

2018-ko martxoak 14

Erriberriko Gazteluaren gerizpean, Nafarroako zonalde diskriminatuan, orain dela bi urte arte ezinezkoa zena errealitate bihurtzen ari diren familiak elkartu ziren atzo Besarkatu ekimena aurkezteko. “Seme-alabentzat euskarazko murgiltze-eredua aukeratzeaz ari gara; hain zuzen ere, gure herriko ikastetxetan D eredua zabaltzea lortu dugun familiak gara”. Eta ez dira Nafarroako zonalde diskriminatuan hori lortu duten lehenengo familiek. Pasa den ikasturtean Kaparroson, Tafallan eta Lodosan irekitzea lortu zen. Aurten Antzingo, Alloko eta Erriberriko eskoletan hasi dira euskarazko murgiltze-ereduan. Eta azken aurrematrikulazio kanpainako datuekin jakin dute, datorren ikasturtean Barasoaingo eta Azkoiengo eskoletan irekiko dizkiotela ateak D ereduari.

Sortzen Elkartetik, guraso guzti hauek zoriondu dituzte euskarazko murgiltze-eredua “Nafarroako Hezkuntza Sistemak duen eredurik osoena” delako, “elkarbizitzarako eredua, alegia”.

Apirilaren 15 igandean eta goizean zehar, Besarkatu eguneko jai giroaz gozatu ahal izango dute Erriberrin eta, 13:00etan, Teobaldotarren Plazan elkartuko dira ekitaldi nagusian orain arte D eredua aukeratu ezin zuten herrietako familiekin batera, euskara eta euskarazko murgiltze-ereduari besarkada bat emateko. Besarkada horrekin, familiei berotasuna helaraziko diete, “kasu askotan euskararen kontrako aurreiritziei aurre egin” behar diotelako.

Pasa den ikasturtean, Nafarroako 40 udalerri baino gehiagok, Erriberri barne, “eremu ez-euskaldunetik” “eremu mistora” pasatzea lortu zuten. “Vascuencearen Lege diskriminatzaileak ezartzen duen zonifikazioaren paretean zirrikitu berri” gisa baloratu zuen Sortzenek bere garaian.

Gehiago