Antsoaingo haur eskola euskaraz lortzeko urratsak ematen ari direla esan dute gurasoek
Antsoainen haur eskola euskalduna aldarrikatzen duen guraso taldea Udalarekin bildu da eta itxaropentsu agertu dira agintarien aldetik erakutsitako konpromezuarekin.
2020-ko martxoak 11
“Aurreko astean, Udalarekin batzartu ginen. Haur eskola euskaldunaren inguruan aritu ginen hizketan eta itxaropentsu irten ginen bilkuratik”, esan dute. Hala ere, Udalak ez du momentuz euskarazko lerroa abian jartzeko planik, baina lantzen ari den zirriborroa aurkeztu ziela baieztatu dute. Plana, lehenbailehen, hurrengo asteetan ixten ahaleginduko dela ere aurreratu zien Antsoaingo Udalak.
“Aurrematrikulazio epea astelehenean hasiko da, ordurako ez du plana ixteko denborarik izanen; beraz, 2020/2021 ikasturtean euskarazko eredurik gabe jarraituko dugu herriko haur eskolan. Gure itxaropena, 2021/2022 ikasturtean kokatzen da. Udalaren hitzak behin entzunda, orduan uste dugu posible izango dela euskarazko lerroa abian jartzea”, esan dute.
Bitartean, aurten, Antsoaingo gurasoak seme-alabak Iruñeko eta Iruñerriko haur eskola euskaldunetan aurrematrikulatzera animatu nahi dituzte. “Horietan onartuko balituzte -zaila izango da, batez ere Iruñeko Udalarenak direnetan-, eta gain kosterik suposatuko balu, Antsoaingo Udalarekin konponbidea topatzen saiatuko gara. Egoera horiek ere aztertuko zituela esan zigun batzarrean”.