Ana Belenen desahuzioa betearazi dute San Lorenzon
Goizeko lehen orduan atea jo dute sartzeko, eta etxegabetzea jakinarazi diote Ana Beleni. Babes sozialik gabe zegoenez, bere borondatez ateratzea erabaki du. Etxegabetzearen ostean, epaitegiko langileek Udaltzaingoaren auto batean alde egin dute eta maskarak eraman dituzte aurpegia ezkutatzeko. Udaleko iturriek Ahotsa.infori jakinarazi diote emakumea Udalarekin akordio batera iritsi dela etxea uzteko beste bizitoki baten truke. Etxebizitza Sindikatuak ukatu du akordioa zegoenik.
2025-ko ekainak 11
Goizeko 7:30ak inguru, Espainiako Poliziaren zenbait patruilek San Lorenzo kalea hartu dute Udaltzaingoaren laguntzarekin. Ondoren Ana Belenen atea jo du Udaletxeko langile bat eta atea ireki duenean poliziak bere etxean sartu dira, eta Udaletxeko langilea jaistera behartu dute, Etxebizitzaren Sindikatuaren bertsioaren arabera.
“Ana Belén eta bere bikotekideari modu oldarkorrean zuzendu zaie polizia, behin eta berriz bultzatuz eta mehatxatuz. Emakumeari ez diote bere botika hartzen ere utzi, tratamendu onkologikoan egon eta %75eko ezgaitasun aitortua izan arren. 10 minututan etxea utzi behar zutela eta bestela indarrez botako zituztela jakinarazi diete poliziek”, dio zabaldutako oharrak.
Legez kanpoko etxegabetze bat izan dela ere salatu du Sindikatuak. Poliziak ez du erakutsi etxegabetzea emateko agindu judiziala. “Beraz, inolako berme legalik gabe eta mehatxupean gauzatutako etxegabetze erabat irregularra izan da honakoa”, salatu dute.
Joan den astean etxegabetzea behin behinean gelditzea lortu zenetik, Ana Belénen egoera argitu zedin eta etxebizitza alternatiba baten alde lanean ibili da Sindikatua. “Atzo bertan, gizarte zerbitzuek aldi baterako emergentziazko pisu batera joateko aukera aurkeztu zioten, eta aukera hori baloratzen ari zen bera, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin elkarlanean. Baina, aukera horri buruz pentsatzeko edota negoziatzeko aukerarik utzi gabe, bat-batean poliziak azaldu dira bere etxean, modu bortitzean pisua uztera behartuz. Orain lanean ari gara Ana Belén eta bere bikotekidearentzat alternatiba bat bermatzeko. Momentuz, hotel batean igaroko ditu zenbait egun, emergentziazko pisua prest egon arte, gizarte zerbitzuetatik konfirmatu digutenez”, azaldu dute.
“Udalarekin akordio batera” iritsi dela gezurtatu dute, Ahotsa.infori Udaleko iturriek baieztatu dutena gezurtatuz. “Hori ez da hórrela: ez dago akordiorik, Ana Belén bere etxetik bota dute bere eskubide guztiak urratuz, eta behin etxegabetuta, alternatiba bat onartzea beste erremediorik ez zaio gelditu”, argitu nahi izan dute.
“Modu irregularrean exekutatutako etxegabetze hau” salatzeko elkarretaratzea egingo da gaur, arratsaldeko 18:30ean, Iruñeko Udaletxe Plazan.