#AltsasukoakAske Erakusketa bat estreinatu dute Altsasuko gazteen epaiketarako 100 egun falta direnean
"Altsasu, eskubide eta askatasun demokratikoak jokoan" erakusketa ibiltaria aurkeztu dute, eta Euskal Herrian eta Europan mugitu nahi dutela iragarri dute, "pairatzen ari garen egoera salatu eta datozen hilabete erabakigarrietan konpromisoak lortzeko helburuz".
2018-ko urtarrilak 5
Altsasuko Gurasoak taldeko Bel Pozuetak “Altsasu, eskubide eta askatasun demokratikoak jokoan” erakusketaren aurkezpenean gogoratu duenez, apirilean izanen da Altsasuko gazteen aurkako epaiketa.
“Bigarren Eguberriak etxetik kanpo giltzaperaturik pasa dituzten Oihan, Jokin eta Adur epaitzeaz gain, Ainara, Jon Ander, Julen, Aratz eta Iñaki ere epaituko dituzte. Denetara, fiskaltzak 375 urte eskatu ditu. Izugarrikeria galanta pairatzen ari gara, oinarrizko printzipio demokratikoak dituen edonork onartu ezin duena”, salatu dute.
“Altsasu, eskubide eta askatasun demokratikoak jokoan” erakusketa ibiltaria “muntaia polizial, mediatiko eta judiziala” salatzeko helburua du, “festa-egun bateko ordu txikitako gertaera bat aprobetxatu nahi duena gazteak txikitu eta kriminalizatzeko eta erabat zilegiak diren aldarrikapenak isilarazteko”.
“Ez dago soilik arriskuan gure lagunen etorkizuna, ez daude haiek soilik akusatuen aulkian, gizartearen etorkizuna da jokoan dagoena”, azpimarratu dute. “Askatasun demokratikoak murrizteaz ari gara, eskubideak murrizteaz ari gara eta legea nahi bezala erabiltzeaz ari gara. Horrek guztioi eragiten digu”, esan dute, eta askatasun demokratikoak aldarrikatu dituzte.
Altsasukoak Aske herri asanbladako Itziar Perez Argomanizek aipatu duenez, erakusketa bere herrira eraman nahi dutenek herri asanbladaren edo Altsasuko Gurasoak taldearen Twitter edo Facebook bidez jarri daiteke haiekin harremanetan.