#AltsasukoakAske Bi urte espetxean, atzera eta aurrera begiratzeko unea
Bihartik aurrera Altsasukoak Aske eta Altsasu Gurasoak taldeek Iruñean antolatutako jardunaldiak eginen dira. Katakrak liburudendan eta Gaztelu Plazan izanen diren jarduera guztiak bi urte hauetan egindako ibilbidea baloratzeko eta aurrera begira zer egin hausnartzeko baliatuko dituzte.
2018-ko azaroak 15
Bi urte bete dira Altsasuko gazteak atxilotu zituztenetik, eta hori gogoratzeko eta orain arte egindakoa baloratzeko jardunaldi batzuk antolatu dituzte Iruñean. Esparru anitzeko sentsibilitate eta ideologia desberdinetako jendeak parte hartuko du antolatu diren jardunaldi hauetan: gazteria, eragile sozialak, hedabideak, juristak eta Europako instituzioak lan-erreminta bihurtuko dira. Alegia, etorkizunari begira, bost ardatzen inguruko hausnarketa eta eztabaida-jardunaldiak izanen dira.
Gonbidatuen artean, oso ezagunak diren pertsonak izanen dira: Garbiñe Biurrun, Amaia Izko, Bea Talegon, Josu Juaristi, Joan Tardá edo Gabriel Rufian, besteak beste.
Azaroaren 16an, ostiralarekin, arratsaldez, hausnarketarako bi gune osatuko dituzte. Lehenengoa, gazte-taldeek zuzenduko dute Altsasu Auzia delakoa aztertuz eta etorkizunari begira, epe ertain eta luzera nola helduko dioten. Bigarrena, eragile sozialek osaturiko mahai-ingurua izango da eta partaideek jendarteak Auziari emandako erantzuna eta kaleetan dagoen sentsibilizazioa aztertuko dute.
Azaroaren 17an, goizez, mahai-inguru batek Auzia ikuspegi juridikotik aztertuko du: hastapenak, Auzitegi Nazionalera bidaltzearen ondorioak, irregulartasunak eta prebentzio-kartzelaren abusua. Jurista esanguratsuek hartuko dute parte. Ondoren, komunikabideen txanda izango da eta kazetari ezagunek Auzia komunikatiboki nola jorratu den eta horren guztiaren ondorioak aztertuko dituzte. Larunbat arratsaldez Europa mailan nola lantzen ari den Auzia aztertuko dute.
Bitartean, azaroaren 16an, arratsaldez eta 17an, egun osoz, Gazteluko Plazan dinamika desberdinak gauzatuko dira: azkeneko bi urteetako informazio-gunea, materiala eta espetxeratuen egoeraren inguruko perfomancea egingo da: ziega bat irudikatuko da eta, ordu erdiko egonaldiak antolatuz 12 orduz, pertsona desberdinek okupatuko dute. Aldi berean, erakusketa batek plazako kioskoa inguratuko du, non prozesuaren une garrantzitsuenak islatuko diren. Ostirala gauean, azkeneko bi urtetako irudien proiekzioa eta kontzertu bat izango dira.
Bukatzeko, 17an, larunbatean bertan, arratsaldeko 17:00etan Gazteluko Plazan elkarretaratze bat eginen da.