Altsasuko gazte baten atxiloketaren aurrean, OSPA mugimenduaren komunikatua
Tarte oso txikian beste behin ere, altsasuar gazte baten atxiloketa gauzatu dute estatuko errepresio indarrek.
2019-ko apirilak 28
2016ko apirilean Leioako kanpus unibertsitarioan egindako manifestazio batean parte hartzen ari zirela atxilotu zituzten 6 ikasle, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ertzaintza kanpusean sartzen utzi eta manifestazioa gogorki erreprimitu ondoren. Manifestazio horren helburuak EHUko ikasleek jasaten ari zituzten erasoak (Atxiloketak, desalojoak, kargak…) salatu eta EHUri indar polizialei kanpusetarako sarrera ez baimentzea exijitzea ziren.
EHUk berriz ere ertzaintzaren sarrera baimendu eta polizia autonomiko espainiarrak 6 ikasleak atxilotzeaz gain 15 zauritu eragin zituen. Berriz ere, ikasle eskakizunen aurrean errepresioaren bidea aukeratu zuen EHUk.
Ikasleek epaiketara borondatez ez aurkeztea erabaki zuten, ez baitute epaiketa hori zilegia ikusten. Haiek parte hartu zuten manifestazio hura ekimen politiko bat bezala ulertzen dute eta beraz haren eduki politikoaren ondorioz atxilotu eta epaituko dituztela ulertzen dute. Horren aurrean, ikasleak deklararazteko, epaitegiak ikasleen atxilotzea agindu zuen, eta gaur atxiloketa berri bat izan dugu herrian.
Berriz ere errealitateak argi erakusten digun bezala, isunak, atxiloketak, espetxeratzeak… errepresioak ez du etenik. Egungo sistemak eragiten dituen injustizien aurrean altxatu egin dira eta egingo dira asko eta asko. Honen aurrean estatuaren erantzuna badakigu; errepresioa. Argitzeko geratzen dena gu guztion jarrera izango da; egungo egoera onartu edo errepresioaren aurrean gure buruak defendatzeko mekanismoak sortuko ditugun.
Altsasuar asko ditugu, sektore ezberdinetatik, injustiziaren aurka borroka egiten dutenak, emakumeen emantzipazioaren alde borrokan, euskararen alde, elkartasun internazionalistaren alde, herritik eta herriarentzako hezkuntza baten alde… Denak ala denak errepresioa era batean edo bestean jasan izan dutenak.
OSPA! Herri mugimendutik eta Altsasuko Gazte Asanbladatik uste dugu, gizarte hau errotik aldatu arte, errepresioa erantzun sistematiko eta estruktural bat izaten jarraituko duela, eta hala izanik, errepresiotik babesteko mekanismoak garatu behar ditugula, behingoz gaitz hau desagerrarazi arte.
Beraz, hemen gaude gaur eman den Beñaten atxiloketaren aurka borrokan. Zer egingo dugu honen aurrean? Noiz arte jarraituko dugu horrela?
Atxilotu bat gehiagorik ez! Errepresioaren aurrean babestu gaitezen! ALDE HEMENDIK!