Altsasuko auzia Iruñeko epaitegira itzultzea eskatu dute gazteen gurasoek

Nafarroako Entzutegiari eskatu diote kasua berriz bere gain har dezan "orain arte izan ez dugun proportzionaltasun, ekitate eta justizia gosez gaudelako".

2017-ko martxoak 8

“Gure seme-alabak ez dira terroristak”. Hori esan dute urriaren 15eko goizaldean Altsasuko taberna batean gertatutakoaren ondorioz inputatuta dauden gazteen gurasoek gaur Iruñeko epaitegien aurrean egindako kontzentrazioan.

“Uste dugu kasuaren instrukzioa ez zela inoiz Nafarroatik atera behar izan” eta kasua Nafarroako Entzutegi Probintzialera itzul dadila eskatu dute Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean bildutako hamarka lagunen aurrean.

“Gertakariak deitoratu izan ditugu beti, baina, gure ustez, terrorismotzat jotzea krudela da, logikarik ez du eta injustizia handia da”, azpimarratu dute.

“Aurreko egunotan ikusi dugu Entzutegi Nazionalak libre utzi dituela espetxe zigor handi samarrak jasotako pertsona ezagunak; gure semeak, ordea, epaituak izan gabe espetxean mantentzen dituzte: FIES erregimen pean 4 hilabete daramatzate preso. Hori dela eta, Adur, Jokin eta Oihan askatzea eskatzen dugu, ez baitago ihes egiteko inolako arriskurik”, salatu dute.

Nafarroako Entzutegiari eskatu diote kasua berriz bere gain har dezan “orain arte izan ez dugun proportzionaltasun, ekitate eta justizia gosez gaudelako”.

Gehiago