“Altsasuko auzia. 3 urteko labirintua” ekimena iragarri dute

Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformak prentsaurrekoa eman dute "Altsasuko auzia. 3 urteko labirintua" ekimena aurkezteko eta Iruñeko kontzentrazioaren balorazioa egiteko. Azarorako prestatu duten egitarauarekin Altsasuko gazteek 3 urte espetxean daramatela gogoratuko dute. Presoek har ditzaketen espetxe onurez eta Zaballako espetxean izandako gertakariez ere aritu dira.

2019-ko urriak 31

Altsasu Gurasoak Altsasukoak Aske plataformak azarorako prestatu duten egitaraua aurkeztu dute. Ekimen honen xedea gazteak atxilotu zituztela hiru urte betetzen direla salatzea da.

Justizia galdegiten segituko dute. Oraingo honetan, kulturaren bidez: artista eta musikarien ahotsen bitartez eta hedabideetako profesional konprometitu eta kritikoen iruzkinen bidez.

Ekimenak asteburu honetan bertan hasiko dira. Egia erein musika jaialdia eginen da azaroaren 2an Altsasuko frontoian.

Azaroaren 8an mahi inguru bat eginen da, iluntzeko 18:30ean, Iortiako areto nagusian. Hedabide desberdinetako kazetari entzutetsuek kasua aztertuko dute. Parte hartzaileak Aritz Intxusta, Joseba Santamaria, Bea Talegon eta Bertha Gaztelumendi izango dira eta moderatzailea Xabier Lapitz. Mahainguruari bukaera emateko, Gontzal Mendibil kantariak izanen da.

Azaroaren 24an izango da, Burunda frontoian, iluntzeko 19:00etan kontzertu bat eskeiniko dute Oreka TX, Aiora Errenteria, Jon Maia eta Hodei Barroso, Aurora Beltran, Tximeleta eta Lluis Llach abeslari eta talde musikalek, eta Altsasuko dantzariek ere parte hartuko dute. Miren Amurizak eta Dani Martirenak, dotorezia literarioz, festibala aurkeztuko dute. Sarrerak 5 euro balioko du eta Iortian aurretik salgai egongo dira.

Bestetik, azaroan Iortia Kultur gunean “Presos políticos en la España contemporánea” esposaketa ikusgai izanen da.

Gehiago