Altsasu Gurasoak gazte guztiak etxeratu arte konpromezua hartu dute Abad eta Urrizolaren 3. gradua konfirmatu eta gero

Iñaki Abad eta Aratz Urrizolari laster hirugarren gradua ezarriko zaiela berretsi dute. Gainerako gazteen egoerari dagokionez, ez dakite gaur egun zein den beraien sailkapen penala.

2019-ko abenduak 19

Kartzelako ohiko legearen ezarpena da eta zigorraren betetzearen zati bat. Duela hiru urte baino gehiago gazteak, hauen senideak eta Altsasu herriak pairatzen dugun bide injustuaren baitan eta bidegabekerian oinarritu zigorren testuinguruan kokatzen dugu.

Ezin ukatu, egoera berri honek poza eragiten digunik , hobe esan oinazea arintzen duenik, baina gauden egoeran jarraitzen dugun bitartean, injustizia gero eta handiagoa da.

Hirugarren graduko egoerak, lanegunetan lo egitera kartzelara itzuli behar dutela suposatzen du, beraz, ez da askatasuna eta gainerako lagunek espetxe barruan jarraitzen dute zigorra betetzen.

Injustizi hau salatzen jarraituko dugu ahal dugun heinean eta berandu baino lehen ikusi nahi ditugu gure gazteak Altsasun heien bizitzari berriz heltzen.

Auzia nola joan den ikusita, zuhurtzia eta errespetua eskatzen dugu, izan ere, egokitu zaigun bide luze honetan zehar, batzuetan zurrumurruak edota bestetan nolanahiko informazioak ez dira batere lagungarriak izan Altsasuko gazteen askatasuna lortzeko eta bidegabekeri juridiko hau geldiarazteko.

Une honetan gurekin bat egin, gure gazteen errealitateaz jakin mina azaldu eta hainbatetan justiziaren aldeko borrokan elkartasuna adierazi diguzuen pertsona, talde edota komunikabide guztiei gure esker ona zinez. Gainera, zera azpimarratu nahi dugu: halako bidegabekeriarik ez Altsasun ez beste inon berriz gerta ez dadin lanean jarraitzeko konpromezua dugu.

Gehiago