“Alternatibaren alde, herritarron hitza errespetatu”, Sakanako alkateen adierazpena
2024-ko apirilak 19
“Alternatibaren alde, herritarron hitza errespetatu” lelopean Altsasun burutuko den manifestazioak Sakanako toki erakundeetako alkateen eta lehendakarien babesa jaso du.
Joan den martxoan, Sakanako alkate eta hautetsi askok bat egin zuten “Trenbidearen, lurraldearen eta herriaren borondatearen aldeko Manifestu Instituzionalarekin”, eta atxikidura horiek Nafarroako Gobernuari eta Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzari eman zieten. “Gaur egungo klima-aldaketaren testuinguruan, landa-eremuetatik mugikortasun-estrategiak planteatu behar ditugu lurralde horietako pertsonen eta produkzio-sektoreen beharrei erantzuteko; besteak beste, trenaren erabilera sustatuz”, dio kaleratu duten adierazpenak.
AHT bezalako abiadura handiko trenek ez dutela Sakanako herritarren beharrak asetuko argi dute alkateek, eta tren publiko eta sozial baterako “benetako alternatiba bat” eskatzen dute “egungo trenbideak modernizatuz eta trenen maiztasuna handituz”.
Horregatik, larunbatean Altsasun “Alternatibaren alde, herritarron hitza errespetatu” lelopean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.