Akusatuek ukatu egin dute talde kriminal bat direla eta indarkeria erabili zutenik

2025-ko maiatzak 22

Aroztegiaren proiektuaren aurko auziko gaurko saioan akusatuek hartu dute hitza. Lehendabiziko akusatuak fiskalaren galderaren bitartez azaldu du urte luzetan zehar proiektuaren kontrako jarreran aunitz informatu dela, eta gehitu herritarrak behin baino gehiagotan proiektuaren kontra posizionatu direla. Onartu du egunen batean kanpaldira bertaratu zela. Aroztegia eta gero zer? plataformaren funtzionatzeko modua horizontala dela, eta bileren bidez hartzen zituztela erabakiak.

Kanpaldiaren erabakiak batzarretan kolektiboki eta inolako hierarkiarik gabe hartzen zirela aipatu du, eta egunez egun erabakitzen zutela zer egin. Erabaki nagusia makinen aitzinean indarkeriarik gabe eta modu pasiboan paratzea izan zen. Gaineratu du ez zuela ez sabotajeetan ez bortizkeria ekintzetan parte hartu.

Bigarren akusatuak ziurtatu du ez zuela parte hartu makinen paralizazioan eta egun horietan koronabirusarengatik konfinatua egon zela.

Hirugarren akusatuak adierazi du proiektua herritarrek inposaketa gisa ulertu eta kezka handiarekin bizi dutela. UGEP gisa tramitatu izana salatu du, interes orokorretarako disenaturiko figura interes pribatuendako erabili izanagatik. Onartu du makinen paralizazioan parte hartu zuela, eta ez zuela inongo ekintza bortitzetan parte hartu. Adierazi du ez dela inoiz inongo bozeramailerik izan, baina bai elkarrizketak egin zituela. Lekarozko enpresaren kontratupeko langileak erasotu ziola ere salatu du.

Laugarren akusatuak kanpaldira bertaratu izana onartu du, baina ez zela jarri makinen aitzinean, koronabirusarengatik konfinatuta baitzegoen.

Bortzgarrenak ziurtatu du makinetara hurbiltzean horiek gelditu zirela eta ez zirela langileengana mintzatzera hurbildu.

Seigarrenak langileengana hurbildu zirela onartu du, bera, aldiz, ez zen mintzatu, ez zuen mehatxurik ezta irainik egin.

Azken akusatuak esan du langile bati adierazi ziola lanak ilegalak zirela eta makinak gelditu behar zituela. Langileak honako hau erran zuen: «Ados, baztertu zaitezte makina itzali ahal izateko». Bertan gelditu ziren ondotik, geldirik. Gehitu du, langilea ez zela mehatxatua sentitu eta lasai zegoela.

Aroztegiko Elkartasun Komiteak adierazi du ohar bidez 7 pertsona horiek egin zutena “publikoa” izan zela beti, eta ez dutela ulertzen zergatik epaitzen dituzten “beldurrean oinarritutako errelatoan”.

Gehiago