AHTren aurkakoek Nafarroa eta Espainiako Gobernuen balizko akordioak “murrizketa eta zorra gehiago” ekarriko dituela salatu dute

Manu Aierdi kontselaria eta Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Sernarekin bildu zen atzo Madrilen eta espainiarrak AHT Nafarroa zeharkatzeko plan bat aurkeztu zion.

2017-ko maiatzak 26

2023an AHTa Nafarroan izatea. Hori da Espainiako Sustapen Ministroak atzo Manu Aierdi Kontseilariari egindako proposamena. Eta azken bilera hau eta aurretik izandako kontaktu eta bilerak kexka sortu dute makroproiektu honen aurka antolatuak dauden kolektiboen artean. Tren sozialaren aldeko Erribera eta Erdi Aldeko plataformek, AHT Gelditu Elkarlanak eta Sustrai Erakuntza Fundazioak ohar bateratu bat kaleratu dute “eztabaida eta azterlan serioa, zorrotza eta parte-hartzaile” bat eskatzeko “sozialki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideragarria” izanen den proiektu bat egiteko. Zentzu horretan gogoratu dute joan den urtean, Nafarroako Parlamentuan Mugikortasunaren inguruko Ponentzia bat martxan jarri zela, baina sei hilabete baino gehiago ditu bildu gabe, eta berriro martxan jartzea eskatzen dute.

Talde hauen hitzetan, Castejon eta Villafranca artean hasitako AHTko obrei segida ematea “burugabekeria da”. “Bideragarritasun soziala, ekonomikoa zein ekologikoa ikertzen duen argitaratutako azterlan bakar bat ere ez edukitzetik aparte, Nafarroako Erdialdeko zein Erriberako, berez exkaxa den, trena garraiobide bezala erabiltzeko eskubidea urratzen du”, salatu dute.

Bestetik, Iruñeko trenbide saihesbidea ezabatzea eta Etxabakoitzen geltoki berria eraikitzea ezin direla izan “AHTa eraikitzeko arrazoiak” azpimarratu dute, azken finean soilik “burbuila espekulatzailea mantendu eta garatzeko” balioko dutelako.

“Ez da lehentasunezkoa hitzarmen bat sinatzea. Nafarroatik eta Nafarroan zehaztu behar da zein eredu behar eta nahi dugun, eta behin eredua zehaztuta sinatu genezake Estatuarekin hitzarmen ekonomiko berri bat. Orain, trenbide eredua definitu gabe, hitzarmen berri bat sinatzeak, zuzenean UPN/PSOEren AHTaren proiektu zaharkituarekin jarraitzea erran nahi du”, salatu dute AHTren aurkakoek.

Gehiago