AHTren aurkako manifestazioa eginen da larunbatean Iruñean

Orain Ardura Ekimenak deituta, AHTren lanetan gastatzeko aurreikusia dagoen diru kopurua gastu sozialei bideratzea eskatuko da Nafarroako hiriburuan. Manifestazioa eguerdiko 12etan abiatuko da Diputaziotik.

2020-ko abenduak 7

Datorren larunbatean, eguerdiko 12etan, Orain Ardura Ekimenak manifestazio bat antolatu du Iruñean. Diputaziotik abiatu eta Gobernu Ordezkaritzan bukatuko den mobilizazio honen helburua da salatzea “azken urteetako krisirik handienaren erdian Estatuak datorren urtean Nafarroan 62 milioi euro AHTan inbertitu nahi izatea (erkidego honetarako Estatuko aurrekontuen % 62, obrak hasi zirenetik azpiegitura horri esleitutako kopururik handiena) eta bide berean azpiegitura hau finantzatzeko Nafarroako Gobernuak Europako berreraikuntza-funtsak eskatu izana”.

Manifestazio honetan ere, “elefante txurien politika” salatuko da. “Elefante txuria, azpiegitura alferrikako, suntsitzaile eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da, antzinako Thailandiako elefante txuriek bezala, sortu beharko lituzketen balizko mozkinek baino mantenu gastu gehiago eragiten dituztenak, ustezko onuradunen hondamendia eraginez”, azaldu dute antolatzaileek. 

“AHTarekin jarraitzeak ez badu inolako justifikaziorik edozein garaitan, are gutxiago azken ehun urteetako krisirik handienaren erdian, biztanleriaren % 15a baino gehiago pobrezia gorrian bizi delako, langabezia-tasak etengabe igotzen ari direlako, oinarrizko sektoreetan murrizketak daudelako, ospitaleak kolapsotik gertu daudelako, zahar-egoitzak gainezka daudelako, ostalaritza eta kultura bezalako sektore ekonomikoak egoera jasanezinean daudelako eta inoiz baino etorkizun kezkagarriagoa dugulako”, salatu dute.

Testuinguru honetan, “iraintzat” hartzen dute “erakundeek AHTan funts publikoak xahutzen jarraitu nahi izatea, eta are gehiago inbertitzeko askoz gehiago falta denean, orain arte gastatu dena baino (% 58 Euskal Y-aren kasuan eta % 96 Nafarroako korridorearen kasuan, AIREFen datuen arabera). Salatu behar dugu 2021eko Estatuko aurrekontu orokorretan, EAEra bideratutako 570 milioi euroetatik, AHTari 294 esleitzen zaizkiola, hau da, % 51,5. Nafarroari dagokionez, aurrekontuan jasotako 87 milioi euroetatik 62 milioi AHTra doaz, hau da, % 62,67. Salatu nahi dugu, halaber, EAEko zein Nafarroako gobernu autonomikoen burugogorkeria, Covid 19 berreraikuntzarako Europako funtsen zati handi bat behin eta berriz eskatuz obra hori finantzatzeko”.

Orain Arduratik “arduragabekeria handi honen erdian gutxieneko zuhurtzia” baino ez dute eskatzen. “Obra hori berehala geldiaraztea eskatzen dugu, eta funtsak sistema publikoa indartzera bideratzea, bizi-baldintza duinei eusteko, herritar guztientzako enplegua, osasuna, irakaskuntza, pentsioak, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak eta kalitatezko zaintzak ziurtatuz. Azken batean, bizitza politikaren erdigunean jar dadila”, zehaztu dute.

Gehiago