AHTren aurkako manifestaldia larunbata honetan Uharte Arakilen
Sakana Trenaren Alde plataformak Tren Publiko eta Sozialaren aldeko apustua eginez eta "inposatu nahi diguten" Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua "antisoziala, antiekologikoa, eta baliabide ekonomikoen eta energetikoen xahutzailea" dela salatzeko, manifestazio bat antolatu du larunbata honetarako Uharte Arakilen.
2018-ko ekainak 20
Sakana, gobernu ezberdinek Nafarroa eta Euskadiko Erkidego Autonomoaren artean jarri nahi duten Abiadura Handiko Trenaren korridorean dago, eta ematen du Iruñearen eta Gasteizen arteko trazadura berriko bide batean gauzatuko litzatekeela. Trazadura horretan baita Arabako Lautada ere badago.
“Sakanako eta Lautadako herriak, haiek zeharkatuko lituzkeen AHT proiektuaren aurka daude, eta iraunkortasunerantz eramanen gaituen beste garraiobide baten aldeko apustua egiten dute”, ziurtatu du plataformak. Horren froga dira hilabete eskasean lortutako 2.852 alegazioak AHTren aurka, eta Lautadan lortu ziren 7.000tik goiti. Eta Sakanako ia Udal guztien gaitzespena azpiegitura horri, udal-bilkuretan adierazita.
Horregatik, Sakanako Trenaren Alde plataformak, Uharteko manifestazioa antolatzeaz gain, bat egiten du AHTrik EZ Lautada plataformak egun berean Agurainen antolatu duen manifestaldiarekin, datorren larunbatean, ekainaren 23an, eguerdiko 12:30ean burutuko dena. Izan ere, bi eskualdeei eragiten die proiektu berak eta bi plataformak kidetuta daude borrokan.
“AHTk ingurumen kalte handia eginen duelako gure lurraldean, inguru-giroan, eta bizitzeko moduan. Kalte hori baita ekonomikoa ere izanen da, barra-barra dirutza xahutuko delako, zeren eta egungo trenak ibilbide berdina egiten du eta egoki hobetu daiteke erraztasunez” salatu dute.
“Gure eskualdeetan AHT eraikitzeak ditugun ibilbide luzeko zerbitzu gutxien erabateko galera dakarrelako, eta ziurrenik hurbileko zerbitzuen gutxitzea. Horrela, gure eskualdeak are inkomunikatuago geldituko dira, garraiorako azpiegitura berri bat izan arren”, ziurtatu dute.
Uharte Arakilen 18:00etan abiatuko da kalejira “Tren Sozialaren alde, AHTrik ez” lelopean.