AHTaren proiektuak bertan behera gelditzea eta diru guzti hori osasunera bideratzea eskatu dute

Araba eta Nafarroako plataformek Abiadura Haundiko Trenaren gastua osasungintzarako bideratzea proposatzen dute. AHT azpiegitura "handi eta alferrikakoa" dela eta beste esparru batzuetan aurrekontuak murriztu diren bitartean AHTa eraikitzen jarraitu dela salatu dute, "guztion diruarekin hiri-sektoreen eta erosteko ahalmen handiko sektoreen aberastasunari legez kontra mesede eginez".

2020-ko apirilak 8

Abiadura Handiko Trena (AHT) arbuiatzen dugun eta egungo trenbide-korridoreak behar bezalako hobekuntzekin erabiltzea eskatzen dugun Araba eta Nafarroako erakunde, kolektibo eta plataformek, bizitzen ari garen momentu berezi honetan horrelako proiektuen zentzugabekeria salatu nahi dugu berriro ere.

Egunez egun ikusten ditugu gainezka dauden ospitaleak, osasun-langileak txandak bikoizten, abandonatutako adinekoen egoitzak, jendea bakardadean hiltzen, ospitale inprobisatu bihurtutako hotelak, pertsonak maskarak egiten haien etxeetan… Hori guztia, gobernu desberdinek urteetan osasungintza eta gizarte-zerbitzuak bezalako arloetan egin dituzten murrizketen ondorioz gertatu da batez ere, zerbitzu horien etengabeko hondaketa eraginez. AHTa bezalako azpiegitura handi eta alferrikako horiek hazi egin dira beste esparru batzuetan aurrekontuak murrizten ari zirenean ere, guztion diruarekin hiri-sektoreen eta erosteko ahalmen handiko sektoreen aberastasunari legez kontra mesede eginez.

Estatu espainiarra da, alde handiz, biztanleko AHT kilometro gehien dituena, eta, hala eta guztiz ere, erabilpenari dagokionez azken postuan kokatzen da, kilometro bakoitzeko bidaiarien ratiorik baxuena izanik. Gainera, Europako Garraio Batzordetik kritika zorrotzak jaso dituen arren, gobernuak abiadura handiko tren-korridore gehiago eraikitzen jarraitzen du, kontu publikoetan egindako gastu izugarria zein ingurumenaren eta lurraldearen aurkako erasoa justifikatzen duen inolako txosten edo azterketarik gabe. Hau guztia, inolako errentagarritasun sozio-ekonomiko edo ingurumen errentagarritasunik frogatu gabe.

Egoera larri hau etorkizun hurbil batean gainditzea eta gizartea modu eredugarri batean ematen ari den laguntza eta elkarlanerako erantzun soziala ez etetea espero dugu, oraindik ere pixka baterako izango dugun momentu kritiko honi aurre egin ahal izateko. Botere politiko eta ekonomikoei berriro gogorarazi beharko diegu langabeziaren aurrean, murrizketen aurrean, ingurumen krisiaren aurrean, irtenbidea ez dela ekonomia, ingurumen eta ondare naturalaren aurka egiten duten azpiegiturak eraikitzea.

Gaur, osasunaren nazioarteko eguna den honetan, obrak eta proiektu berriak, lizitazioak eta AHTa garatzeko egiten ari diren administrazio-kudeaketak berehala geldiaraztea eskatzen dugu, eta abiadura handiko trenen alferrikako plataformetan xahutu nahi dituzten milaka milioi euroak osasunera eta gizarte-zerbitzuetara bideratzea. Era berean, egungo trazatuak hobetzea eta mantentzea proposatzen dugu, herriak, hiriak eta industrialdeak lotuko dituen eta bidaiariak zein merkantziak garraiatuko dituen tren sozial bat eduki ahal izateko, lurraldean eremu isolaturik utziko ez duena eta ekonomikoki edonorentzat eskuragarria izango dena.

Gehiago