AHT gelditzea exijituko da Donostian larunbata honetan

Euskal Herriko hainbat mugimenduk, sindikatuk eta erakunde sozialek bat egin dute AHT gelditzea exijitzeko ekainak 13 Donostian eginen den manifestazioarekin. “AHT gelditu orain! Xahuketa gehiago ez! Herritarrok erabaki” lemapean egingo da mobilizazio hori, arratsaldeko 5’30etan Alderdi Ederretik abiatuta.

2015-ko ekainak 10

8 urte igaro dira AHT egiteko lanak hasi zirenetik. Ordutik hona "mito bat erortzen" ikusi dela ohartarazi dute egitasmo honetako oposizoko indarrek. Euren ustetan "agerian gelditu da AHT ez dela bideragarria eta ez dakarrela inongo onurarik gizartearentzako". "Porrot egin du" proiektu honek, "milioiak xahutzen dituena" eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakarrena, "kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan".

"Zenbat eta gehiago itxaron proiektu hau geldiarazteko, ezbehar ekologikoa are handiagoa izango da eta galera ekonomikoak eta ondorio sozialak are sakonagoak" izango direla azpimarratu dute.

Gero eta zalantza gehiago sortzen dituen proiektu honek, gaur egun, Paris eta Madrilekin loturarik ez dauka eta, gainera, Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean aurrikusitako denborak gero eta handiagoak dira, autoen edo autobusen ia parean egoteraino. Maila bereko "zentzugabekeria" Nafarroan ikusi daitekela ere salatu dute, "inondik inora ez doan AHTa eraikitzen ari baitira", Aragoirekin eta EAErekin loturarik ez duena.

Proiektu honek ustelkeri zantzuak badituela ere ohartarazi dute. "Estrategikotzat saldu nahi izan diguten proiektu honi errealitatea gailendu zaio. Eraikuntza lanek ekarri behar omen zuen bultzada ekonomiko handia ez du inork ere ikusi, hango eta hemengo alderdi politikoetako lagun minak diren eraikuntza enpresario handiek izan ezik, poltsikoak ondo bete dituztenak, gero eta maizago azaleratzen diren ustelkeria kasuak lekuko". Eta ez dute ahaztu nahi izan prekarietatea eta lan istripuak eman direla AHTko obretan. AHTko obretan 7 hildako izan dira.

Berehala AHTko lanak geldiarazi ditzatela eta proiektu arranditsu honi bideratzen zaizkion diru-partidak erabili daitezela une honetan jendarteak dituen benetazko premiei asetzeko exijituko da manifestazioan. Azkenik, eztabaida tekniko, sozial eta politiko bat azpiegitura honen inguruan irekitzeko deia eginen dute.

 

Gehiago