Agrozumos enpresako langileek lau greba egun eginda hitzarmena hobetzea lortu dute
Langileek gehiengo osoz berretsi dute enpresa-batzordeak lortutako aurreakordioa, soldata-hobekuntzak, lanaldi-murrizketa eta malgutasunaren arazoa bideratzen duena.
2022-ko otsailak 15
Lekunberriko Agrozumos enpresako langileek 4 greba egun egin dituzte eta bihar greba mugagabearekin hasteko asmoa zuten. Baina, ELAko 9 ordezkarik osatutako Enpresa Batzordeak hitzarmena sinatzeko aurreakordioa lortu du Agrozumoseko zuzendaritzarekin, eta, hortaz, greba mugagaberik ez dute egingo.
Aurreakordio hori langileen gehiengo osoak berretsi zuen atzo egin zen batzarrean.
Plantillaren batasuna funtsezkoa izan da urteko lanaldia 4 ordu murrizteko, ELAren iritziz. Hitzarmenaren indarraldiko hiru urteetako bakoitzean soldata KPIaren gainetik igotzea eta plantillan hiru urte betetzen dituzten pertsonentzako plus berri bat sortzea lortu dute. Era berean, dauden gainerako plusak eguneratuko dira. Adibidez, 3-B kategoriako langile bati (gehiengoa enpresan) urtean 150 euro gordin igoko zaio soldata, kobratu beharreko atzerapenez gain.
Bestalde, akordio honek enpresan dagoen malgutasun handiaren arazoa bideratzeko Batzorde bat sortzea jasotzen du.
ELAk langileentzat “oso positiboa” den hitzarmen kolektiboa defendatzeko “ezinbestekoa izan den plantillaren batasuna” txalotzen du. “Akordio hori ezinezkoa izango zen langileen mobilizaziorik eta inplikaziorik gabe, enpresa bere blokeo-posiziotik mugitzera behartu baitu”, dio sindikatuak.