Agerraldia: “Kontzertua udaberrian egingo da, eta jendetsua, alaia eta parte hartzailea izango da”

Agerraldiak larunbata honetan antolatu nahi zuen kontzertua egiteko trabak besterik ez ditu jaso Tuterako egungo Udal gobernuak. Hala salatu dute gaur Tuteran emandako prentsaurreko batean, Hordago ekimenaren manifestazioaren atarian.

2022-ko urriak 20

Azaldu dutenez, maiatzetik dabiltza Udalaren atzetik. “Instantziak, elkarrizketak, berriro ere instantziak, elkarrizketak, udaletxera joan eta inork ez erantzun, kontzertua egiteko leku ezberdinak aurkeztu, udalak nahi den lekuan egiteko aukera ere bideratu zaie…. Hamaika saiakera eta baietzik ez”, salatu dute.

Agerraldiari jarritako traba, oztopo eta debeku hauek, ordea, ez dira salbuespen bat. Salatu dutenez, badira tuterar elkarte eta norbanakoak ekintza kulturalak antolatu eta eskaini dituztenak eta leku publikoak erabiltzeko eskaeren aurrean udaletxearen ezetza jaso dutenak. “Oinarririk ez duten erabaki arbitrarioak hartzen ari dira baimenak emateko orduan, argumentuak ez dira fundamentatuak eta egun aprobatu gabeko ordenantza bat jartzen dute aitzakitzat”, azaldu dute.

Agerraldia ekimeneko kideek argi utzi dute jarritako trabekin “ez dagoela baldintzarik kontzertu jendetsu, alai eta parte hartzaile bat egiteko”, eta beraz, larunbat honetan ez da Deskontrolen kontzerturik izango. “Minduta bai baina ez diogu hau penatuta. Izan ere, udaberrian, baldintza egokiak ziurtatuta, egin egingo dugu kontzertua”, ziurtatu dute. “Tutera eta Erriberako euskaltzaleok nahi dugulako eta beharrezko jotzen dugulako. Jendetsua, alaia eta parte hartzailea izango da; euskaltzaleon ekimenez plazaratua eta euskararekiko fobiarik ez duten guztiei irekia”, gehitu dute.

Asteburu honetan bertan, Errigoraren udazkenetako saskien kanpainari hasiera emango zaio Ablitasen, auzolanean; eta arratsaldean Tuterako plazara helduko da auzolana, manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu baitu Errigorak ere. “Bat egiteko garaia da”, adierazi dute.

Gehiago