Ager Topaketak, aurten ekainaren 3an Andosillan
Ekainaren 3an, larunbata, Ager Topaketak izango dira Andosillan, Agerraldiak antolatuta. Euskararen aldeko lanean aritzen diren Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko herritarrak batzeko helburuarekin deitutako topaketa hauetan "elkarrengana hurbildu eta sarea ehuntzen jarraitzeko" saiakera eginen da.
2023-ko maiatzak 11
Iazko udazkenean Azkoienen egin ziren lehenengo topaketak, eta aurtengoak Andosillan. “Topaketetan elkartu ginen Nafarroa erdi eta hegaldeko ehundik gora euskaltzale elkar ezagutu, lagundu eta indartzeko” hitzordua izan zela gogoratu du Agerraldiak. “Kausalitatez zein kasualitatez euskara ere sustatzen aritzen garen bakoitzaren egitasmo ezberdinak ezagutzeko eta ideia berriak sortzeko balio izan zuen ordukoak. Eta horri segida emanez, oraingoan, elkarrezagutzaz gain baliabideak eskaintzea dugu helburu Agerraldian”.
Agerraldia Errigoraren udazkeneko kanpainatik sortu zen, eta bertatik finantziatzen da. “Bizitzaren esparru guztietara heltzen den agenda zabal eta emankorra erditu du Agerraldiak azken urteotan. Bertso eskolak, euskara egunak, elkar-ezagutza bidaiak, ikerketak, sormen proiektuak, kirol-talde euskaltzaleak, kontzertuak, mintzakide programak, enpresetako euskara-planak, kirol-probak, topaketak, jolastekak, kultur ekitaldiak… Eta Agerreko euskaltzaleok gara plazara dakargun hauspo berri horren sorburua”, gogoratu dute.
Topaketak: eztabaidak eta jai giroa
Goizeko 10etarako lanari ekin eta aurkezpen eta azalpen orokorrak emanik 6 tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izango da: Familiak, baliabideak eta euskara; Despopulazioa eta euskara; Migrazioa, integrazioa eta euskara; Dirulaguntzak (Euskarabidea); Haurrak, nerabeak eta euskara eta Barne komunikazioa eta saretzea.
Topaketei eguerdirako emango diete itxiera. Hala ere bada aukera aparta Andosillan gelditzeko ere. Herriko Gaztea-ek antolatuta Euskara Eguna izango da eta egun osoko egitaraua (azoka, kale animazioa, herri bazkaria, kontzertuak,…).
Maiatzak 31 baino lehen izena eman behar da Topaketetan parte hartzeko.